Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Ziztu Unibertsitate Elkarteak Arroa-Behetik eta Zestoatik igarotzen den autobus zerbitzua antolatzen du, ondoren bailarako beste herri batzuetan eta Elgoibarren erabiltzaileak bilduz, Bilbora eta Leioara iritsi arte. Zerbitzuak nola funtzionatzen duen azaldu digu, David López elkarteko zuzendariak.
Zer da Ziztu Unibertsitate Elkartea eta nola sortu zen?
Ziztu Unibertsitate Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta bere helburua da Urola eta Debabarrenako hainbat herritatik Bizkaiko unibertsitate zentroetara joaten diren ikasle zein langileei garraio zerbitzua eskaini eta kudeatzea. 2023ko udan sortu zen, lehen zegoen garraio-enpresak zerbitzua eskaintzeari utziko ziola helarazi zuenean. Aurreko urteetan, ikasle kopuruaren jaitsiera eta erregai prezioaren igoera zirela-eta, enpresa horrek ezin zuen zerbitzua modu eraginkorrean eskaintzen jarraitzen. Uda horretan, Urolako hainbat herrietako bizilagunak elkartu ginen eta udaletara jotzea erabaki genuen laguntza eske. Arazoa bistan zegoen: Urola bailara ez zegoen Bizkaiarekin ondo konektatuta eta, gainera, ordura arte zegoen Bizkaiko unibertsitate zentroetarako autobus zerbitzu bakarra desagertzear zegoen.
Nola erantzun zioten erakunde publikoek egoera horri?
Uste genuen erakunde publikoek konponbidea eskaini behar zutela arazo horri aurre egiten laguntzeko. Ez genbiltzan oker, lehenengo momentutik udal guztiak, salbuespen gabe, laguntzeko prest zeuden. Oso polita eta motibagarria zen ikustea alderdi politiko desberdinetako herriak elkartu zirela, arazoa zein zen entzun zuten eta laguntza ematea adostu zuten. Azkoitia, Azpeitia, Mendaro, Zestoa eta Zumaiako udalekin hainbat bilera egin ondoren, 2023. urtean sortutako gastuei aurre egiteko diru-laguntza lortu genuen. Arazoa ez zen guztiz konpondu, noski, baina laguntza hori salbamena izan zen eta, inportanteena, denbora eman zigun aurrera begira beste irtenbide batzuk bilatzeko. Irtenbide hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren eskutik zetorren. Iraurgi Berritzen Urolako erakundeari esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak gure beharraren berri jakin zuen eta 2024tik aurrera diru-laguntza emateko konpromisoa hartu zuen. Gaur gaurkoz, Ziztu Elkarteak erakunde publikoei eta bazkideen kuota eta lanari esker, Urolatik Bizkai aldera joaten den autobus zerbitzua eskain dezake modu eraginkor eta jasangarrian.
Zertan datza gaur egun Ziztu zerbitzuak eskaintzen duen zerbitzua?
Ziztu Elkarteak irailetik ekainera arte eskaintzen ditu autobus zerbitzua Urolako (Zestoa, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia) eta Debabarrenako (Elgoibar) herrietatik Bilbon (Deustu, Sarriko, San Mameseko Ingeniaritza Eskola) eta Leioan kokatuta dauden unibertsitate campusetara.
Zerbitzua bazkideen beharretara egokituta dago, unibertsitate egutegia eta eskola ordutegiak kontuan hartuz. Goizean, autobus zerbitzua 6:30ean Zestoan hasten da eta Urola bailararen barrutik joaten da jendea jasotzen. Gero, Elgoibarrera heltzean, Zumaiatik datorren beste autobusarekin elkartzen da eta hortik Bizkaia aldera abiatzen da. Ibilbidea Leioan amaitzen da, 8:00etan, lehenengo eskola ordura garaiz heltzeko. Itzultzeko, berriz, bi aukera daude, 15:00eko edo 18:15eko autobusa.
Nola funtzionatzen dute tarifek?
Tarifei dagokienez, Ziztu Elkarteak prezio egokian eskain dezake zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak emandako diru-laguntzari esker. Tarifa guztiak Mugi txartelaren parekatuta daude, hau da, nahiz eta Mugi txartela ez den erabiltzen, deskontu berdinak dauzka. Adibidez, tarifa arruntean, 25 urte baino beherako gazte batek 90 euro hilean ordaintzen ditu, eta 25 urte edo gorako bazkide batek, berriz, 117 euro hilean ordaintzen ditu. Horretaz gain, gainerako deskontuak badaude beste kolektibo batzuentzat, hala nola, familia ugariko edo mugikor urriko pertsonentzat. Bestalde, Elkarteak Urolako herriekin konpromisoa hartu zuen bailarako edozein bizilagunentzat ere zerbitzu hori eskaintzeko; beraz, noizbehinkako bidaiak ere eskaintzen dizkio interesa daukanari. Bidaia horiek ez dute inolako diru-laguntzarik jasotzen, eta proportzionalki garestiagoak dira, baina autoa hartzea saihesten dute.
Bidaia solteei dagokienez, edozein pertsonak noizbehinkako bidaiak kontrata ditzake eta ez dute bazkidea izan behar. Interesa daukanak aldez aurretik emailez (ziztuelkartea@gmail.com) harremanetan jarri behar du gurekin eserlekua erreserbatzeko eta ordainketari buruzko informazioa jasotzeko.
Nolako bilakaera izan du elkarteak sortu zenetik?
Duela bi urte, Ziztu sortu zenean, 43 bazkide zeuden; 24-25. ikasturtean, berriz, 75 bazkide izatera pasatu zen, hau da, ia % 75eko igoera. Aurten, oraindik matrikulazio epea itxi ez den arren, pasa den ikasturteko zenbakiak gainditzea espero dugu.
Zer ondorio ditu zerbitzu horrek herrien eta familien bizitzan?
Horrek eragin handia dakar Urolako bizilagun asko eta euren familien bizimoduan. Alde batetik, egunero, dozenaka auto gutxiago erabiltzen dira autobidean, kutsadura murrituz eta errepidean istripuak izateko arriskua gutxituz. Beste aldetik, familia askorentzat ondorio ekonomiko positiboak ere baditu, gazteek ez dutelako prezio izugarririk ordaindu behar hiriburu batean pisu bat alokatzeagatik. Azkenik, herrientzat eurentzat ere eragin onak dakartza, bizilagunek herrian bertan bizitzeko eta denbora gehiago pasatzeko aukera baitute. Hau da, herrietan bizia berpizten laguntzen du.
Esan dezakegu Ziztu auzolanaren adibide bat dela?
Ziztu Elkartea auzolan eta erakunde publikoen arteko elkarlanaren adibide aparta da. Arazo baten aurrean, herritarrok eta botere publikook elkartu ginen konponbide jasangarri eta iraunkor bat bilatzeko, eta topatu genuen. Baina hor zen dena amaitu, eguneroko lana ezinbestekoa da proiektu hori kudeatu eta mantentzeko. Elkarteko bazkideok lan ikaragarria egiten jarraitzen dugu.
Nola antolatzen da bazkideekiko eta herritarrekiko komunikazioa?
Webgunea sortu genuen (www.ziztuelkartea.eus) edozeinek elkarteari buruzko informazio zehatza (ordutegiak, geltokiak, egutegia…) eta eguneratua eduki dezan. Sare sozialetan ere jo ta ke gabiltza, eta etengabeko harremana dugu administrazio publikoekin eta autobus zerbitzua ematen digun Aldalur enpresarekin, hau dena, ikasle zein langileei segurtasuna eta zerbitzu eraginkortasuna bermatuz unibertsitatera joan-etorrietan.