Albisteak

Helduen Irakurle Taldeak berriz ekingo dio ikasturteari irailean

Argazkia: Elkar Argitaletxea

Udako oporren ostean, Helduen Irakurle Taldea berriz martxan jarriko da irailean Zestoako Liburutegian. Lehen saioan, Miren Agur Meaberen Itzulerak liburua izango dute hizpide, eta egilea bera ere izango da bertan, irailaren 25ean, osteguna, 18:30ean egingo den solasaldian. Topaketa irekia izango da, irakurle taldeko kideak ez diren herritarrek ere parte hartu ahal izango dutelarik.

Liburutegian bertan dago izena emateko aukera. Irailaren 1ean ireki zen izena emateko aukera.

Euskarazko literaturaz gozatzeko gunea

Taldea hilean behin elkartzen da, eta irakurri den liburuaren inguruan eztabaida egiten dute Pako Aristi gidari dela. 16 urtetik gorako edonork har dezake parte, eta urtean zehar idazle gonbidatuen bisitak ere jasotzen dituzte.

Liburuak ez dira zertan erosi: parte-hartzaileek liburutegian eska dezakete maileguan, eta horretarako eskaera-zerrenda osatzen da.

2017tik gaur arte

Helduen Irakurle Taldea Portale Kultur Elkartearen ekimenez sortu zen 2017an, Amaia Apalauza idazlea gidari zela. Urtebete geroago Zestoako Udalak hartu zuen ardura, eta ordutik hainbat gidarik zuzendu dute: Amaia Apalauza, Danele Sarriugarte eta azken urteotan Pako Aristi. Urtero 15-20 laguneko taldea osatzen da, eta aurten ere helburu bera izango dute: euskal literaturaz gozatzea eta hausnarketa partekatzea.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide