Albisteak

Zestoa Gipuzkoako Ur Kontsortzioan sartuko da 2026tik aurrera

Irailaren 29an egindako udalbatzan onartu du Zestoako Udalak herria Gipuzkoako Ur Kontsortzioan integratzea. Erabakia 2026ko urtarrilaren 1ean izango da eraginkor.

Orain arte, uraren kudeaketa zuzenean egin du Udalak, eta alkateak “era on eta duin batean eraman dela” azpimarratu zuen, udal brigadako arduradunen lanari esker. Hala ere, digitalizazioak eta berrikuntza teknologikoak ekarriko dituzten beharrak direla-eta, udal mailan ezinezkoa da horri aurre egitea, eta, ondorioz, kontsortzioan sartzea aukera ona dela adierazi zuen Arregik.

1989an sortu zen Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, eta Urola kostako hamaika herrietatik hiruk soilik jarraitzen zuten orain arte kanpoan, tartean Zestoa. Erabaki honekin, Udalak kudeaketa eta fakturazioa kontsortzioaren esku utziko ditu. Trantsizioa, hala ere, ez da egun batetik bestera egingo, 3-4 hilabeteko epean gauzatuko da.

Prezioak eta tarifak

Gaur egun, Zestoan uraren prezioa 0,82 euro da metro kubiko bakoitzeko; kontsortzioan, berriz, 1,08 eurokoa. Hala eta guztiz ere, kontsortzioak familia-unitateen arabera araututako tarifak ditu, etxean bizi diren pertsonen arabera beherapenak aplikatuz.

Industria sektorean, aldiz, kontsortzioak eskaintzen dituen prezioak udalarenak baino hobeak dira.


Inbertsioak eta hobekuntzak

Kontsortzioarekin adostu da Zestoan fakturatutakoaren %10 berriro Zestoan inbertitu beharko dela; horrek batez beste 1 eta 1,4 milioi euro arteko inbertsioa ekarriko du.

Lehentasunen artean dago Aizarnako saneamenduari irtenbidea ematea. Horretarako, dagoeneko egina dago 1.700.000 euroko proiektua, eta bertan aurreikusten da araztegi bat jartzea, urak bertan saneatu eta inguruko ibaira isurtzeko. Planak, gainera, Aizarnako hoditeria berriztatzea ere jasotzen du.

Bestalde, Udalak adierazi du plan honen baitan Etorra bailarara ur publikoa eramatea ere helburua dela, eta herriko baserriei ere arreta jarri nahi zaiela, nahiz eta guztietara iristea ezinezkoa izango den.

Herritarrari arreta

Udalak tarifikazio sistema Kontsortzioari pasatzen dionetik, hondakinen eskumena mankomunitatearena eta udalarena izan arren, fakturazioa Ur Kontsortzioak egingo die herritarrei. Gero, kontsortzioak hondakinen bilketa kobratutako kopurua udalari itzuliko dio.

Herritarrentzako arreta bulegoak Azpeitian eta Zumaian egongo dira, eta Zestoan bulego birtual bat jarriko da, leku irisgarri eta diskretu batean. Kontsortzioak, kontagailuen %80 digitalizatu beharko du eta ondoren internet bidez kontsumo guztiak kontsultatzeko aukera izango da.

Alkatearen esanetan,  Udalak eskumen bat galtzen du, baina herriak zerbitzu hobeago bat irabazten du.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide