Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Txikitasunian Handi Eguna ospatuko da larunbat honetan Arroabean, eta arratsaldeko protagonista nagusia Txinga erronka izango da. Lau lagun saiatuko dira duela 40 urte Agustin “Billabier”-ek ezarritako marka historikoa hobetzen: Andoni Zubiaurre, Mikel Agirre, Pablo Alvarez eta Ibai Perez. Antolatzaile eta parte-hartzaileetako bat den Andoni Zubiaurrek erronkaren inguruko xehetasunak eta bere prestaketaren berri eman dizkigu.
Nola bururatu zitzaizuen ekitaldi hau antolatzea?
Jagoba Urangaren, Agustin Billabierren semea, eta Asier Etxanizen, Arroabeko bizilaguna, arteko elkarrizketa batean, Urangak aipatu zuen bere aitak txingetan sekulako marka egina zuela. Asierrek, berriz, bazekien nik Bizkaiko txapela irabazia nuela, eta ea kontu honekin zerbait egin zitekeen komentatu zidan. Hortik sortu zen guztia. Asier izan zen, beraz, ekitaldi hau antolatzeko bazterrak mugitzen hasi zena.
Hasieran pentsatu genuen Karmenetan txapelketa moduko bat antolatzea, baina datak oso justu genituen, eta azkenean Txikitasunian Handi Egunean egitea erabaki genuen. Txapelketa formatuan egitea ere erabaki genuen, lau lagun izanda, baten batek marka hausteko aukera handiagoa duelako.
Zergatik da Arroabea lekurik aproposena?
Orain dela 40 urteko marka hori Arroabean egin omen zuen Billabierrek, herriz herriko txapelketetan. Egia esan, markaren inguruan badira zalantza batzuk: badakigu 75 plaza egin zituela, baina ez dakigu plaza bakoitzak zenbat metro zituen, 20 ala 25. Aldea handia da: 20 metrokoak balira, 1,5 kilometro izango lirateke; 25 metrokoak balira, ia 1,9 kilometro. Larunbaterako, maximoa hartzea erabaki dugu, hau da, 25 metroko plazak kontuan izatea.
Billabierrek erabilitako txingak Zumaiako Txepetxa Elkartean aurkitu genituen; bakoitzak 27,4 kilo pisatzen ditu. Oso egoera txarrean zeuden eta konpondu egin behar izan ditugu, baina berak erabilitako berberak erabiliko ditugu.
Nor izango dira erronkan parte hartuko duten beste hiru kideak?
Hasiera batean, bederatzi pertsonari deitu genien, baina azkenean lau bakarrik apuntatu gara. Gipuzkoa mailan ibili ginen deika, eta Gipuzkoako azken bi txapeldunei ere deitu genien, baina ezin izan zuten parte hartu. Azkenean, lau elkartu ginen, eta Mikel Agirre izan zen izena ematen azkena.
Mikelekin bost txapel ditugu elkarrekin trontzan. Pablo Álvarez txingetan Bizkaiko txapelduna izan zen ni hasi nintzen arte; azken bi urteetan nik irabazi dut eta bera bigarren geratu da. Ibai Pérez, berriz, futbol mundutik dator, baina azken urteetan herri kiroletan oso ondo dabil; modalitate askotan aritzen da, eta txukun gainera. Pablo eta Ibai Getxoko sokatira taldeko kideak dira. Mikelek, bestalde, pentatloia, aizkora eta beste herri kirol asko praktikatzen ditu.
Taldean aritzea oso lagungarria da. Herri kirola kirol gogorra da, eta txingak kenduta, gehienak taldean egiten dira. Pentatloia, giza proba… taldean entrenatzeak askoz errazagoa egiten du.
Nola prestatu zara erronka honetarako?
Egia esan, ez dut denbora asko izan. Orain dela bospasei aste esan zidan Etxanizek eguna, eta ekainetik hona ez dut ezer berezirik egin. Astean behin txingekin entrenatzen hasi naiz; gainera, astean beste bi aldiz pisuak altxatzen eta ergometroan 20 minutuz aritzen naiz. Txingak txikiak badira ere, oso gogorrak dira muskularki, eta ergometroarekin fisikoa lantzeak asko laguntzen du.
Kontuan hartu behar da bi ume ditudala, eta askotan desorduetan entrenatu behar izaten dudala.
Marka hau zein puntutaraino da zaila edo eskuragaitza?
Kontuan hartu behar da 40 urtez inork ez duela hautsi. Oso gogorra da. Nire kasuan, eta uste dut besteentzat ere antzera izango dela: 1,2-1,3 kilometrotik gora zoazenean, 15 minutu inguru pasatzen dira txingak askatu gabe. Eskuak eta atzaparrak lokartu egiten dira, eta oso sentsazio arraroa da, ez dakizu txingari helduta zauden edo ez. Horregatik, marka hau lortzea benetan zaila eta eskuragaitza dirudi.
Zuretzat zer da marka historiko honi aurre egitea?
Azkenean marka gainditzea lortuko banu, izugarrizko harrotasuna izango litzateke.Badakit orain dela 40 urte egin zela marka hau, eta ordutik hiru edo lau pertsona saiatu direla, baina inork ez duela lortu. Beraz, 40 urtez mantendu den marka haustea sekulakoa izango litzateke. Egundoko poza izango litzateke, bai. Beti entzun izan dugu lehengo herri kirolariak gaur egungoak baino gehiago zirela, eta hau lortzea poz handia izango litzateke.
Nola ikusten duzu herri kirolen etorkizuna?
Ondo ikusten dut. CrossFit mundutik harri-jasotzaile asko atera dira, eta egia esan, CrossFitetik datozenak fisikoki eta indar aldetik oso ondo prestatuta daude. Horregatik, herri kirolen etorkizuna ondo ikusten dut, batez ere harri-jasotzearen arloan.