Albisteak

“Atera ditzagun etxetik” Zestoa Osasuntsuko ibilaldiek adinekoak kalera eta lagun artera gonbidatzen dituzte

Zestoako Zaintza Sarearen ekimenez, gaur eman zaie hasiera Zestoa Osasuntsuko ibilaldiei. 30 lagun inguruk parte hartu dute lehen irteeran, eta antolatzaileek gogorarazi dute ekimenaren arrakasta familiak nagusiak animatzearen araberakoa dela. Kalera ateratzeko eta lagun artean aritzeko aukera paregabea dutela azpimarratu dute.

Zestoako Zaintza Sarearen ekimenen baitan kokatzen diren Zestoa Osasuntsuko txangoei gaur eman diete hasiera. Goizean, 30 lagun inguruk hartu dute parte, eta ibilbide motza egin dute Kiroldegiko aterpetik abiatuta. Ekimen honetan, batzuetan irteera laburrak antolatzen dira —herrian bertan bueltatxo bat—, eta besteetan luzeagoak, esaterako, Zestoatik Azpeitira joateko ibilaldiak.

Parte-hartzaileen artean lehen aldiz etorri direnak izan dira, baita azken lau urteetan etengabe parte hartu dutenak ere. Askok azpimarratu dute ibilaldi hauek pertsona berriak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dutela; kirola egitea baino gehiago, “kalera ateratzeko aitzakia bikaina” direla nabarmendu dute. Beste batzuek, berriz, irteera hauek beraientzat benetako “terapia” direla adierazi dute.

Parte-hartzaileak oso eskertuta azaldu dira boluntario ugariren laguntza dutelako, eta uste dute jende gehiagok ezagutuko balitu, parte hartzea handiagoa litzatekeela. Horregatik, herritarrei dei egin diete inguruko adinekoei ekimen honen berri emateko eta animatzeko.

Ekimen hau, berez, jendea etxetik ateratzeko eta egoitzetan bizi direnak ere kalera ateratzeko sortu zen. Antolatzaileen arabera, erronka nagusia da etxean geratzen diren pertsona horiengana iristea, eta horretan familiak funtsezko rola dutela azpimarratu dute. Adinekoek, berriz, oso gustura hartzen dute kalera ateratzeko aukera eta, batez ere, lagunarteko konpainia.

 





Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide