Albisteak

Lluïsa Etxeberriaren “Hitzen aterpean” poema-liburuaren aurkezpen musikatua egingo da larunbatean

Poeta zestoarrak, Lluïsa Etxeberriak, bere hirugarren poema-liburua aurkeztuko du urriaren 25ean, larunbata, 12:30ean, Zestoako Kultur Etxean. Aurkezpena berezia izango da, poesiaz gain, musika, ilustrazioak eta dantza uztartuko dituena.

Egilearekin batera oholtza gainean arituko dira: Nerea Mendizabal eta Agurtzane Auzmendi abeslariak, Garikoitz Mendizabal txistularia, Aitor Furundarena soinu-jotzailea, Fermin Etxeberria perkusio-jotzailea eta Ane Mendizabal dantzaria.

Aurten argitaratutako liburu berria, “Hitzen aterpean”, barne-borrokak, zauriak eta bizitzako galerak bildu eta berreraikitzeko gonbita egiten duen obra da. Poemarioa hiru zatitan banatuta dago:

· “Errauts irazekia”: hondakinetatik gordetzeko eta berreraikitzeko balio duena bilatzen du.
· “Begirada sareztatuak”: lagun egiten diguten hitzen indarrarekin bizitza eraberritzera gonbidatzen gaitu.
· “Errautsetik birsortzea”: abiatze berri baterako bideaz mintzo da, itxaropentsu.

Lluïsa Bartzelonan bizi bada ere, bere jaioterrira itzuliko da oraingoan, publikoari aurkezpen hurbil eta poetikoa eskaintzera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide