Albisteak

Sexu-hezkuntza programa egingo da herriko hiru ikastetxeetan

ARGAZKIA: Libe Osa

Ikasturte honetan ere, sexu-hezkuntza programa ari dira garatzen herriko hiru ikastetxeetan. Bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleekin, baita irakasle eta gurasoekin ere, saioak egingo dira, eta gidaritza Libe Osa sexologoaren esku egongo da.

Dagoeneko Zestoako Herri Ikastetxean hasi dira saioak, eta datozen asteetan jarraituko dute Aizarnako eta Arroabeko eskoletan. Helburua argia da: sexualitatea eta hezkidetza lantzea, neska-mutilen arteko bizikidetza osasuntsua eta berdintasunean oinarritua sustatzeko.

Programa honek sexualitatea giza balioen parte gisa ulertzen du: sentsibilitatea, aniztasuna, zaurgarritasuna, zaintza, samurtasuna, desirak eta atrakzioak barne. Sexualitatea besteekin harremanetan jartzen gaituen dimentsio gisa ulertuta, elkarbizitzarako balio nagusitzat hartzen da.

Hezkidetzak, bere aldetik, berdintasuna eta aukeratzeko askatasuna bultzatzen ditu, emakumeen eta gizonen identitate, orientazio, desira eta plazerak kontuan hartuz, biak subjektu oso gisa aitortuz.

Saioen egutegia honela osatu da:

· Urriaren 20ko astean: Zestoako Herri Ikastetxeko 2. zikloa.
· Urriaren 27ko astean: Zestoako Herri Ikastetxeko 3. zikloa.
· Azaroaren 3ko astean: Aizarnako Eskolako 2. eta 3. zikloak.
· Azaroaren 17ko astean: Arroabeko Eskolako 2. eta 3. zikloak.

Gurasoei zuzendutako saioak aste horietako astelehenetan egingo dira:

· Zestoan eta Arroabean, 17:00etan.
· Aizarnan, 16:30ean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide