Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.


ARGAZKIA: Zestoako Udala
Zestoako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onespena eman zuen irailaren 29ko osoko bilkuran. Planaren idazketa Estudio de Renovación y Desarrollos Urbanos (ERDU) enpresak egin du, eta Zestoako udalerri osoaren (1.068 hektarea) antolamendua eta lurzoruaren sailkapena zehazten ditu.
HAPOak izaera egituratzailea, globala eta generikoa izango du, eta behin onartuta, 8 eta 12 urte bitarteko indarraldia izango du. Dokumentuak barne hartzen ditu Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa eta Jasangarritasun Energetikoaren Azterketa ere.
Atzo egin zen lehen aurkezpen publikoa, udaletxean, eta bilera bi zatitan banatu zen: lehenengoan HAPO dokumentuaren nondik norako orokorrak azaldu ziren, eta bigarrenean, Zestoako HAPOaren proposamena aurkeztu zen.
Udaletxean bertan proiektua laburbiltzen duten panelak daude ikusgai, eta datozen asteetan auzoetara eramango dituzte, bertan egingo diren bilera egunetan nahi duenak ikusi ahal izan ditzan.
Hasierako onespenaren dokumentua eta ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean egongo dira hiru hilabetez, eta epe horretan herritarrek alegazioak aurkez ditzakete. Dokumentazioa, gainera, udalaren webgunean ere eskuragarri dago: www.zestoa.eus
Alegazioak Udal Erregistroaren bidez egin daitezke, edo, nahiago izanez gero, HAPOaren erredaktore-taldearekin hitzordua eska daiteke. Horretarako, udalera deitu eta hitzordua eskatu behar da, izen-abizenak, telefono zenbakia eta gaia adieraziz. Ondoren, erredaktore-taldeak deituko du hitzordua lotzeko.
Erredaktore-taldeak azaldu duenez, hitzordu horietan gaia jasoko dute, baina ezingo dute beti momentuan erantzun, zenbait kontuk azterketa tekniko sakonagoa eskatuko dutelako.