Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Urriaren hasieran hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak Narrondo eta Arroabea arteko lanak, Iraeta eta Narrondo arteko bidegorria egiteko proiektuaren barruan. Lan horien ondorioz, N-634 errepideko erreietako bat itxita dago orduz geroztik, Narrondo eta Arroabeko Bombas Azcue enpresaren artean, eta semaforo bidezko txandakako trafikoa ezarri dute. Hasiera batean, obrek hiru aste iraungo zutela aurreikusten bazen ere, otsailaren amaierara arte egongo da aipatutako erreia itxita.
Urolako bide berdeko lanen barruan, pasa den uztailaren amaieran hasi ziren Arroagoia eta Narrondo arteko bidegorriaren zatia egiten. Behin tarte hori bukatuta, Arroagoia eta Iraeta artekoa geratuko da amaitzeko, Zumarraga eta Zumaia lotuko dituen bide berdea osorik gelditzeko. Sansinenea industriagunean uztailaren 30ean egindako agerraldian azaldu zutenez, azken tartea urte amaieran edo datorren urte hasieran lizitatuko dute.
Udatik hona, Urolako trenaren errailak kokatzen ziren plataforma gainean ari dira lanean. Arroabeko tren geltoki zaharretik malda baten bidez jaitsiko da bidegorria trenzubi ingurura, errepide parera heltzeko, eta handik Zumaia eta Narrondo arteko bidegorriarekin bat egiteko.