Paperekoa

[ATARIKOA] Bertigoa eta harrotasuna

25 urte. Bi auto istripu; hiru auto. Sei alkate –denak akordatu bazaizkit–. Pare bat galdeketa. Apustu bat, 50 plaza.
25 urte. Lekeitio, Vancouver, Bilbo… Zestoa ez diren sei bizitoki eta dozena bat etxe.
25 urte harreman bat hasi, finkatu, seme-alabak izan, eta seme-alabak heltzen ikusteko bizialdi bat izan liteke.
25 urtean nik: maiteminak, bikotekideak, hausturak, algarak, orgasmoak, malkoak, terapia saioak. Ezkontza bat.
25 urte kartzelan egin zituen herrikidea.
25 urte beintizinko baino dotoreago azaldu zen lehen azal hartatik: emakume zapatetan sartutako bi besoen erretratua.
25 + 2 Txuloputa Kuadrillako whatsapp taldean.
25 urte eta ia %25 hazi da biztanleria Zestoan. Zenbat jaitsi da euskararen erabilera?
25 urte. 300 hilabete. Dozenaka after-shave poto. 9140 egun. Zenbat zurito Komando Zuritokoek? Mende laurden bat. 25 urte. Atariko honetarako argazkia atera zidana ez zen sortu. Eta danbolinek hemen dirau. Asko da hori.

2000 urte hasiera. Karrera amaitzear ni. Bilera batera deitu ninduten orduan berria zen kultur etxera. Aldizkaria sortu behar zutela, earra! -neurekiko-; ardura hartu nezan nahi zutela, ostia! -neurekiko-. “Beldurtu egin zaiguk” esan zuen neska batek. Baina sartu nintzen. Eta inkestak egin nituen, eta entrebistak. Eta publizitatea jarri zezaten dendaz denda ibili nintzen. ¿!Finbolín!? ¿¡Qué es eso!? Esan zidan gizon batek, hura lotsa. Ikaragarri gogorra izan zen urte hura Euskal Herrian. Kartzeletan. Kalean, tabernan, etxean. Ordukoa bai polarizazioa. Udan etorri zen latzena. Joxe Mari Korta hil zuten.

Neure biografian atzera begiratzeak bertigoa eragin dit. danbolinek, ordea, harrotasuna damait. Huts egindakoak izan ditu, baina baita azierto galantak ere. Hasieratik lortu zuen erreferente izatea. Eta irekia izan da. Herria trinkotu eta aberastu du. Asko aldatu da dena eta badu lana datorrenera egokitzen. Baldinbaitere, asmatuko ahal dugu!

Zorionak bidea egiten lagundu duzuen guztioi. Urte askoan danbolin!

Jon Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide