Albisteak

Aizarnako parrokian abiatu da “Gure ondarea, gure historia” Gordailuaren proiektu pilotua

Joan den larunbatean, azaroaren 22an, egin zen Gure ondarea, gure historia egitasmoaren barruko lehen jardunaldi irekia Aizarnan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuak antolatuta. Saioan Aizarnako Andre Mariaren Zeruratzea parrokian  izan zen eta haren inguruan dozenaka herritar bildu ziren. Jardunaldia Itziar Gutiérrez, Gordailuko bildumetako teknikaria, izan zen gidari, eta ondareari eta zaharberritze lanei buruzko azalpenak emateaz Laura Calvo (Artearen Historia irakaslea eta arte modernoan aditua) eta Kristina Fernández (ondarearen eta artelanen kontserbazioan eta zaharberritzean aditua) arduratu ziren. Helburua bikoitza zen: elizaren ondarearen egoera gertutik ezagutzea eta eraikinak etorkizunean izan ditzakeen erabileren inguruko herritarren iritzia jasotzea.

Itziar Gutiérrezen esanetan, Aizarnan egindako esku-hartzeak kontserbazio proiektu zabalago baten parte dira:
“Ondarearen zaintza eta babesa Aldundiari dagokio, baina komunitatearen laguntza ezinbestekoa da. Ez dugu adituaren begirada ordezkatu nahi, baina bai mantentze lanetan laguntzeko behar den begirale lana indartu,” azaldu du. Horregatik, prozesua sentsibilizazio lan baten baitan kokatzen du.

Prebentziozko kontserbazioan komunitatearen inplikazioa funtsezkoa dela ere nabarmendu du: “Tokian tokiko jendea konplize bihurtu behar da; ondarearen zaintza guztion ardura da.”

Proiektua martxan jartzeko egindako hausnarketa saioetan azaldu denaren arabera, espazio horien zainketa bermatzeko bestelako erabilerak ere behar dira. Horretarako, Aldundiaren asmoa da foro ireki bat sortzea: “Titulartasuna Elizarena da, baina herritarren ahotsa entzun nahi dugu: zer erabilera izan dezakete tenpluek? Historikoki egin izan da: bertso-saioak, bilerak, kultur ekintzak… Ez da berria. Garrantzitsua da funtzio liturgikoa eta tradizioa errespetatzea, baina eraikinak komunitatearen zerbitzura ere jartzea,” azaldu du Gutiérrezek. Ildo beretik, Sergio Sebastián, Donostiako Elizbarrutiko arkitektoak, gogorarazi zuen jada zenbait herritan erabilera partekatuaren adibideak gauzatzen ari direla.

Saio pilotua Aizarnan egitea ez da kasualitatea: “Hemen ondarearen kontserbazioan esku-hartze ugari egin dira, eta komunitatearekin harreman zuzena dugu; horrek antolaketa errazten du,” adierazi du Gutiérrezek.

Eztabaida saioan jasotako iruzkin eta proposamen guztiak bildu eta hortik ibilbide-orri bat sortzea dute helburu. Gutiérrezek azpimarratu du: “Beste lurralde batzuetan ez bezala, hemen instituzioa herritarren atzetik doa; eta sentsibilizazioa landu egin behar da, ondarearen zaintzaren ardura guztion artean partekatu behar da.”

Aizarnakoa proiektuaren lehen geltokia izan bada ere, 2026an beste bost herritara zabaltzea aurreikusi dute. Amaitzeko, Gutiérrezen arabera, ekimenaren filosofia hauxe da: “Proiektu honetan, jendearen sinesmenen gainetik, gure ondarearen iraunkortasuna bermatzea da helburua; eta hori lortzeko, bere zaintza ezinbestekoa da. Bestela, ez dago modurik.”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide