Albisteak

[ARGAZKIAK] Euriak ez zuen isilarazi indarkeria matxistaren aurkako aldarria Zestoan

Euriak ez zuen galarazi atzo, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunean, herritarrak kalera ateratzea. Zestoan bi deialdi izan ziren. Lehenengoa Zestoako Mugimendu Feministak antolatu zuen, eta 18:30ean abiatu zen plazatik. Manifestazioak herria zeharkatu zuen kiroldegiko aterperaino, jende ugariren parte-hartzearekin. Bi pankartaren artean egin zuten ibilbidea: aurrean “Zuen hipokresia indarkeria da” zioena, eta atzekoak, berriz, “Elkartasuna ez da delitua, zuekin gaude”. Ekitaldiaren amaieran, antolatzaileek hitzartzea egin zuten.

Jarraian, 19:00etan, Itaiak bere kontzentrazioa egin zuen herriko plazan. Haien pankartan “Indarkeria matxistaren aurka borrokatu” irakur zitekeen, eta kontzentrazioan zehar oihu eta txalo artean egin zituzten aldarrikapenak. Hitzartearen ostean, tortilla gorriz tintatu eta bigarren pankarta bat eskegi zuten, zeinak honela zioen: “Erasotzaileen inpunitateari aurre egin!”. Ekitaldi honen amaieran ere taldeko kideek hitzartzea eskaini zuten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide