Zestoako desbiatuok, abenduaren 13an Azkoitian ikusiko dugu elkar!
Danbolin— 2025-12-06Kaixo Zestoako herritar desbiatu horiek:
Ez dakigu iritsi zaizuen bailarako belarrietan bero-bero dabilen txutxumutxua. Eta, bestela, adi! Fanta lupis: desbiauek Matadeire eguna iristear da, abenduaren 13an. Gorde data 😉
Azpeitiko urriko LGTBIQ+ jardunaldiek izandako erantzuna ikusita, gure herrietako kaleak elkarren topagune bihurtzeko desira berpiztu zitzaigun, eta hona hemen ondorioa: Azkoitiko Matadeixe izango dugu hurrengo topagunea!
Eta zertarako topagunea? Ondo pasatuz elkar ezagutzeko espazio bat sortu nahiko genuke, eta bailarako LGTBIQ+ memoriari keinu bat egin. Espazio anitza izatea nahi dugu (adina, gorputzak, desirak, esperientzia,…) eta horretako guztirako, honako eguna antolatu dugu:
Otsoke(i)tan hasiko dugu goiza, egunari eta elkarri ongietorria egiteko jolasekin. Pixka bat berotu eta gosea egin ostean, bazkari goxo-goxoa egongo da elkartzen garenontzat. Bazkalostean lo geratzeko kezka baduzu, lasai egon, kuluxka egiteko txokoa prestatu dugu eta. Kezkarik ez baduzu, berriz, bazkalondoan uluzka egingo dugu gorputz eta eztarriak berotzen jarraitzeko.
Arratsaldean, kuirromerian aterako gara Matatik, guztion artean kaleak hartzeko. Gauean, desbiauek (berriz) Matadeire! Pintxada mamaxakin hasiko gara gaueko bihurrikeriari bidea ematen, eta Fanta Lupis ere batuko zaigu horretan. Hortik aurrera, Siwanaba eta Juan TaTorri DJ marabillosoen eskuek astinduko gaituzte.
Hori guztia nahikoa ez balitz, autotuneatzeko gunea, bailarako kartel historikoen erakusketa eta 273 postontzia izango ditugu.
Aipatu nahi dugu gure helburuak hurbiltzen garen pertsonen artean gozatzea, irteten zaiguna elkarbanatzea, elkarlanean aritzea, dantzatzea… direla. Hori guztia egin ahal izateko, gogorarazi nahi dugu nahitaezkoa dela geure buruak eta jokabideak zaintzea.
Zu, marioker, atsogizon, hoxetakue, bargasta, atzelai, mari-matraka, andrakoi, motxinzale, mari-mutil, bekatoros, lumatz, mari-purtzil, ardi arrosa, mari-motrailu, apote, maritxu, urdanga, kuku, erregin, mari-zikin, joxe-joxepa, lesbiama, mariurraka, hartzeme, mariburrika, mari-mortzil, soropil, mariaker … egun hau guretzat da. Oraindik gerturatuko zaren zalantza baduzu, etorri!
Bukatzeko, ohar sorta bat:
– 21:30etik aurrerako emanaldiek sarrera izango dute, 4€ prekarioentzat eta 8€ ez-prekarioentzat; ez dugu nahi hori inorentzat oztopo izatea, horrela bada jarri gurekin harremanetan egunean bertan eta moldatuko gara.
– Matadeixen sutondoan berotuko garen arren, leku freskoa da. Zuen gorputzak bero mantentzeko behar izaten dituzuen arropak ekartzea gomendatzen dizuegu, hobe gehiago gutxiago baino, gero non utzi izango ditugu eta.
– Autobusez gerturatuko zaretenontzat Lurraldebusek honako lineak ditu, begiratu ondoen datorkizuna: UK01, UK02, UK03, UK05, UK06 eta gauekoak UK41G, UK43G, UK45G, UK46G.
– Automobilez zatoztenontzat eta non aparkatu ez dakizuenontzat, Julio Urkijo hiribidea eta Insausti kalearen tartean aparkaleku handi bat dago, Matadeitik oso gertu.
Egin zaitez bazkide

