Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.


Nerea Irure, Juanjo Aranburu, Mikel Arregi, Mikel Irure eta Iñaki Serrano, gaur, probaren aurkezpenean.
Dena prest dute otsailaren 8an Zestoan egingo den Kobaz Koba Trail mendi lasterketarako. Aurtengoa edizio borobila izango da, hamargarrena, eta gaur goizean egin dute probaren aurkezpen ofiziala udaletxean. Han izan dira lasterketaren antolatzaileak, Arazi IKTko Juanjo Aranburu, Zestoako alkatea Mikel Arregi, Agiro Mendi Klubeko Mikel Irure, eta parte-hartzaile zein boluntarioen ordezkari gisa, Nerea Irure.
Aurreko aldietan bezala, bi ibilbidetan barrena bi lasterketa izango dira egun horretan, baina berrikuntzekin dator ibilbide luzea. Ohi bezala, Artzei izeneko 15 kilometroko proba egingo da, eta Zaldei izeneko ibilbide luzea, berriz, 30 kilometrora luzatu dute aurten. Guztira, 495 kirolarik parte hartuko dute, iaz baino 200 inguru gutxiago. Antolatzaileek azaldu dutenez, erabakia “irisgarritasun ikuspegitik” hartu dute.
Ibilbide luzeko korrikalariak 8:30ean irtengo dira Zestoako plazatik, eta ibilbide motzekoak, berriz, 10:00etan, leku beretik. Bi probek plazan izango dute irteera eta helmuga. Parte-hartzaile gehienak Euskal Herritarrak dira, baina Frantziatik etorriko diren korrikalariak ere izango direla jakinarazi dute.
Mikel Arregi alkateak adierazi du denboraren poderioz Kobaz Koba kirol proba bat baino zerbait gehiago ere bihurtu dela eta eta urtean zehar herrian egiten den ekitaldirik garrantzitsuenetako bat bihurtu dela. Halaber, lasterketak duen boluntariotza sare sendoa nabarmendu du, 90 herritar pasak laguntzen du urtero.
Juanjo Aranburuk, bere aldetik, azpimarratu du lasterketaren egunean herri osoa inplikatzen dela, eta korrikalariek jasotzen duten harrera beroa dela probaren alderik garrantzitsuena. Ibilbidean zeharkatzen diren lurzoru pribatueen jabeei eskerrak eman dizkie, “haien laguntzarik gabe lasterketa ezinezkoa litzatekeelako”.
Aldaketak hamargarren edizio honetan
Guztira, 495 korrikalarik parte hartuko dute Kobaz Kobaren bi probetan, eta antolatzaileek adierazi dutenez, dortsalak ia “inskripzioa ireki bezain pronto” agortu ziren. Arregik azaldu duenez, “Zestoako Udala laguntzaile izatetik antolatzaileetako bat izatera pasa da, eta bide horretan, herritarrei lehentasuna eman zaie izena emateko orduan”.
Aurtengo berrikuntza nagusia Zaldei izeneko ibilbide luzean egongo da. Proba honek 30 kilometro izango ditu, iaz baino lau gehiago, eta ibilbidea ere aldatu egin da. Mikel Irurek azaldu duenez, aurten ez da Endoiarako igoerarik izango, eta Erdoizta eta Altsorats bailaretatik nahiz Granada Errekatik igaroko dira kirolariak. Indo gaina izango da pasako diren punturik garaiena. Gainera, aurreko edizioetan lasterketan zehar herritik pasatzen baziren ere, edizio honetan, irteeran eta helmugan soilik zapalduko dute herria.
Sari banaketa 13:30ak aldera egingo da Zestoako plazan. Ohiko sariez gain, aurtengo edizioan Berria saria ere banatuko da: 150 euroko saski bana emango zaie bai ibilbide motzean bai luzean 100. postuan sailkatzen direnei.
Dortsal banaketa
Aldez aurretik korrikalariek dortsala jasotzeko aukera izango dute. Otsailaren 3tik 7ra, Zestoako Turismo Bulegoan (Portale kalea 1) jaso ahal izango dira dortsalak, 10:00etatik 13:30era eta 14:30etik 17:00etara. Hala ere, lasterketaren egunean ere, proba hasi aurretik dortsala jasotzeko aukera jarriko dute kiroldegian.
Ibilbidean zehar eta helmugan anoa-gune likidoak egongo dira, eta kirol proba amaitzean, parte-hartzaileek hamaiketakoa izango dute kiroldegiko aterpean; bertan izango dituzte, gainera, arropa-zaindegia eta dutxak erabiltzeko aukera ere.