Paperekoa

Elizondo zinema zaharretik Kide Etxera

Amaia Egibar, Beatriz Zubia eta Xanti Ugarte buru-belarri dabiltza Caritasen. Hirurak ere, herriko beste gizarte talde batzuetan ibiliak eta dabiltzanak. Herriaren beharrak, prestutasuna eta pentsamoldeak gertutik ezagutzen dituzte. Horrek Zestoako Caritas egoera berrietara egokitzea ekarri du.

Ateak irekitzen

Zestoako Caritasek hausnarketa bat egin du. Boluntarioak lortzeko orduan, laguntzeko prest dagoen jendea badago, baina askok ez dute Elizaren itzalpean egin nahi. “Ate pila bat ixten zitzaizkigula eta eguneratu beharra genuela konturatu ginen” diote. Helburua ez da Caritas markarentzat lan egitea. Horrek lan tresna bat izan behar du, abiapuntu bat. Bide horretan eman da lehen pausua: Arropa solidario talde laikoa sortu da.

Arropa solidario taldea

Caritasek aspalditik bildu izan du arropa, baina orain, horretaz arduratzen den talde independente bat dago Zestoan. Elizaren lokalean aritzen bada ere, egitura autonomoa eta laikoa du. 2016ko herri azokan hartu zuen parte aurrenekoz eta esperientzia oso ona izan zen, martxa onean doa.

Non jasotzen da arropa? Elizondo zinema zaharreko sarreran (orain komun publikoak dauden lekuan) egoten den ontzi handi batean jasotzen dute.

Nola ordaintzen da? Behar bereziak dituzten herritarrek bale batzuk jasotzen dituzte, baina diruz ere ordain daiteke.

Noiz eros daiteke? Hilean behin, hirugarren larunbatez irekitzen da lokala 10:00etatik 13:00etara.

Gaztelania ikasteko taldeak

Diru iturriei begira beste pauso bat eman da, hausnarketan oinarrituta. Kontuan izan behar da Caritasen diru sarrera bakarra herritarrek elizan poltsara botatzen duten dirua dela. Baina gero eta jende gutxiago joaten da mezetara, eta beharra duten herritarrak berriz, gero eta gehiago dira. Horrela, kontu zenbaki bat ireki dute, herritarrek modu diskretuan diru ekarpenak egiteko (2095 5033 12 1061842315).

Baina diru laguntza bakarrik ez da nahikoa. Komunikatu ezina ere arazoa da. “Trabajo”, alegia lana eskatzen du hainbat jendek, baina askok ez dakite beste ezer esaten. Premia horren aurrean, gaztelania ikasteko taldeak sortu dira. Martxa hartzea kosta zitzaien pixka bat: ordutegiak, emakumeak eta gizonezkoak, hainbat herrialdetako pertsonak, adina, hizkuntza maila… Baina bi taldetan banatuta, ongi moldatu dira. Goizetan, emakumeei klaseak ematen hasi ziren Joxemari Aranberri Txema eta Xanti Ugarte. Eli Ponce sartu zenean, Xantik utzi egin zion klaseak emateari. Arratsaldetan Salka saharar neska gazteak ematen dizkie klaseak gizonezkoei. Astean ordubeteko bi saio egiten dituzte.

Komunikazioaren hasierarekin, EMARÄA emakume taldea

Aurtengo urtarrilean gaztelania ikasteko emakumeen taldean Eli Ponce irakasle hasteak ate asko ireki zituen. Emakumea zelako edo, ikasleak irekitzen hasi ziren, haien kezka edo premien inguruan galderak egiten hasita. Gizonak lan bila dabiltzan bitartean, emakume horiek etxeko ardura guztia daramate: ikasketak, osasuna, erosketak… Erabaki asko hartu behar dituzte egunero. Emakume etorkinen integrazioa landu eta haien beharrez sakonago aritzeko, emakume taldea sortu da: EMARÁA (maraá emakume da arabieraz).

Seme-alabei euskaran oinarritutako eskolako lanekin laguntzeko ezintasuna da haien kezka nagusietako bat. Boluntario talde bat osatu nahi da datorren ikasturterako, arratsaldeetan haur eta gazteei eskolako lanetan laguntzeko. Zenbat haurrek duten premia eta zenbat boluntario dagoen ikusi nahi da antolatzen hasteko.

Lan mundura pauso bat ematea da beste kezketako bat. Alde horretatik, kooperatiba modura, taldean zer egiteko gai diren ikusi nahi da, eta frogak egiten hasiak dira: janaria prestatzen, etxebizitza baten asteburuko talde garbiketa integrala…

Azkenik, biltzeko txoko baten premia ikusi da. Ondo dago bakoitzak bere etxean nahi dituen gonbidatuak izatea, baina beharrezkoa ikusten da espazio bateratua izatea ere, herrian gai sozialetan dabiltzan talde guztiek partekatuko duten leku bat. Ideia horretatik sortu da Kide Etxea proiektua.

Kide Etxea

Elizondo zinema zaharrean probetxu handirik ematen ez zaion espazio oso polita dagoela ikusi zuten. Ondo antolatuz gero, etekin handia atera dakiokeela pentsatzen dute Caritasekoek. Elkartzeko ez ezik, ekitaldiak antolatzeko ere oso gune aproposa izan daiteke. Koldo Intxausti apaizarekin egon ziren Caritaseko kideak eta ondo iruditu zitzaion. Asmoa, proiektu horri ere laikotasunetik eustea da eta alor humanitario edo sozialetan dabilen talde edo norbanako guztiei irekiko zaie atea. Poliki-poliki husten ari dira lokala, eta txukundu, margotu eta mahaiak eta eserlekuak izango dituen elkargune goxo bat sortzea nahi dute, etorkizunean talde sozialen arteko elkarlana sustatzeko.

Txema:

Miren Aristi HHE-EPAn, helduen hezkuntzan, ibilia zenez hark lagundu zigun hasieran. Moldatzen ari gara. Gramatikarekin hasi ginen, irakurtzen erakutsi nahian, baina gero eta gehiago mintzamena lantzen dugu. Irakasle garaiko liburuak berreskuratu ditut. Arbela erabiltzen dugu azalpenetarako, baina kosta egiten zaie arbelera ateratzea. Gustura etortzen dira eta hori da inportanteena.

Eli Ponce:

Niretzat oso esperientzia polita da, asko eman dit. Nik jada ez daukat haur txikirik, ez noa parkera, ez dut pertsona horiekin inolako harremanik eta horrek aukera eman dit gertutik ezagutzeko. Oso emakume onak dira, oso langileak eta esango nuke gutxi eskertuak. Kalean ikusi eta agurtu egiten naute, izenez ezagutzen ditut. Gauzak galdetzen dizkidate, mediku kontuak… Lagundu egiten diedala sentitzen dut. Klase batzuetan medikuaren bisitak ere prestatzen ditugu: zer esan, nola esan… Emakume latinoek errazago aurkitzen dute lana, baina klaseetara etortzen direnek komunikatzeko zailtasunak dituzte. Agian, oraindik, janzkera ere arazoa izan daiteke.

Zertan lagun dezakete herritarrek?

– Arratsaldeko taldeari gaztelania erakusten. Erdi mailako ikasketak dituzten pare bat pertsona behar dituzte, astean bi egunetan 19:00etatik 20:00etara klaseak emateko.

– Euskarazko mintza lagun zeregina egiten (batez ere emakumeekin). Giro euskaldunean bizi dira, eta zenbait emakumek euskara ikasteko premia aitortu dute, batez ere haur txikiak dituztenek. Mintza lagun formatua jarriko da martxan datorren ikasturtean. Atzerritik datorren emakume bakoitzari euskaldun bat izendatuko zaio, astean ordubeteko mintza saioak egiteko.

– Gaztetxoentzat eskolako lanak egiteko laguntzaileak. Astean behingo konpromisoa eskatzen da. Animatuko den boluntario kopuruaren arabera antolatuko dituzte taldeak.

– Elizondo zinema Kide Etxea bihurtzeko laguntza. Datorren negurako ireki nahi da Kide Etxea. Eraberritzea auzolanean egin nahi da, eta horretarako jendea behar da.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide