Paperekoa

Bi emakumeren historia, komikitan – Lierni Arrieta Irureta

Bada azken urteetan topatu dudan altxorra: komiki nobelatua. Oker ez banago aitortua dut hori dagoeneko hemen, baina oraingoan azken aurkikuntzen inguruan hitz egingo dizuet. Gai gogor, korapilatsu, astun eta arantzatsuak jorratzen dira gaur egun komiki nobelatuetan eta horietakoak irakurtzea bizio bilakatu zait azken aldian.

Lagun batek hala esan zidan: “’La Virgen Roja’ Lierni, irakurri behar duzu, gustatuko zaizu!”. Komikiko pertsonaia anarkista eta intelektuala izanik, uiii! Nagikeria sartu zitzaidan, baina horrela gomendatu ondoren eta liburutegian zegoenez… Eta bai, Louise Michel-en historia kontatzen da “La virgen roja” (Mary M. Talbot eta Bryan Talbot, La Cúpula argitaletxea) komikian zuria, beltza, eta nola ez, gorria erabiliz. XIX. mende bukaeran Parisen hasten da kontua. 1870ean, Parisen, Napoleonen tropei aurre egin zieten herritarrek eta hilabete batzuetan Paris herriaren eskuetan izan zen. Bertan besteak beste Louise Michel izeneko emakume iraultzailea nabarmendu zen eta bere inguruko kontuak aipatzen dira komikian. Ez dizuet komikia kontatuko, baina aipatzekoa edo nabarmentzekoa da emakume honen ikuspegi iraultzailea zeinen muturreraino eramaten duen eta zein koherentea den bere ibilbidean.

Beste komikia “Asylum” da (Javier de Isusi, CEAR-Astiberri). 36ko Gerran zer gertatu zen eta zer gertatzen ari den gaur egun gurera hurbiltzen direnekin kontatzen digu. Euskaraz badago. Marrazkietan, zuri-beltzaren inguruan hirugarren kolore bat dabil dantzari, historia bakoitzari bere tonua eskainiz. Historiaren erdigunean emakume bat dago.

Bi komikiek begietatik erraietarako bidea kriskitin baten abiaduran egiten dute eta bertan gelditzen dira, garunak nahi izanez gero behintzat, murtxikatzeko gaia emanez. Iraultzaz, utopiaz, berdintasunaz, feminismoaz, eskuzabaltasunaz, elkartasunaz ari dira. Badugu zer. Hitzak dira, eta bakoitzak bere esanahiz betetzen ditu. Iraultza eta utopia gauza bera al dira? Badago iraultzarik utopiarik gabe? Berdintasuna eta feminismoa gauza bera al da? Badago feminismorik berdintasunik gabe? Eskuzabaltasuna eta elkartasuna berdinak al dira? Badago elkartasunik eskuzabaltasunik gabe?

Beste komiki bat gomendatu didate: “El almanaque de mi padre”. Kontatuko dizuet edo kontatuko didazue…

Lierni Arrieta Irureta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide