Albisteak

Komediaz beterik dator aurtengo Antzerki Astea

Igande honetan hasiko da aurtengo Antzerki Astea. Ekainaren 30a bitartean, bost obra eskainiko dituzte Kultur Etxeko areto nagusiko oholtzan. Guztira, bost antzezlan izango dira ikusgai eta 40 aktorek hartuko dute parte. “Aurtengo Antzerki Asteari komedia kutsua eman nahi izan diogu” azaldu du Amancay Gaztañaga Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendariak.

Gaztañagak sortutako “Elurra” tragikomediarekin emango diote hasiera antzerki eskolako ikasleek emozioz betetako asteari. Ikusleek ekainaren 24tik 26ra bitartean izango dute antzezlana ikusteko aukera. Antzerki eskolako 14 “beteranok” hartuko dute parte zestoarraren obran. Elurte bortitz baten ondorioz, Euskal Herriko herri txiki bateko biztanleak inkomunikatuta geratuko dira. Egunak aurrera joan ahala, sineskeriak eta iraganeko pasarteak indartuz joango dira, egonezin eta jasangaitza sortuz. Herritarrak inkomunikazioari aurre egiten saiatuko dira obra honetan. Antzezlanak 55 minutuko iraupena izango du.

Ekainaren 27 eta 28an aldiz, Moliere-ren “Alegiazko gaixoa” komedia ikusteko aukera egongo da. Hirugarren kurtsoko ikasleek antzeztuko dute “Argan gaixoaren” bizitzan murgiltzen den obra. 45 minutu iraungo dituen komedia “oso dibertigarria” dela azaldu du Gaztañagak.

Ekainaren 29an aldiz, kanpotik etorriko diren bi konpainiaren txanda izango da. Lehenengo, Atx Teatroa konpainiaren eskutik, Iñaki Ziarrustak  “Tomiris” antzezlana eskainiko du arratsaldeko 20:00etan hasita. Mendeku zilegiaren gaineko bakarkako ikuskizuna da eta biolentzia matxista du ardatz nagusitzat. Hamabost minutuko atsedenaldiaren ostean, Miren Gaztañaga eta Iraia Elias igoko dira oholtza gainera. Bilboko Pabellon 6-eko antzerki topaketetan Kriseilu saria eskuratu zuen “Agur eta Dolore” antzezlana eskainiko dute Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. Gaur egun emakumeek euskal kulturan duten papera dute hizpide Gaztañagak zuzendutako obran. “Emakumea artista gisa noraino iritsi daitekeen eta muga non duen landu nahi izan dugu antzezlan honetan” azaldu du zuzendariak. 20 minutuko iraupena duen komedia da. Antzerki saio hau, guztira, ordu eta erdiz luzatuko da.

Azkenik, interpretazio eskolako gaztetxoenek emango diote amaiera aurtengo antzerki asteari. Ekainaren 30ean, Shakespearren “Errege Gaua” antzeztuko dute Mikel Ibargurenen zuzendaritzapean.

Sarrerak Mairi dendan (estankoan) daude salgai. Aurten ere bonu berezi bat egongo da antzezlan guztiez gozatu nahi dutenentzat. Bonuak 15€ balio du baina banaka ere erosi ahal dira. Sarrera bakoitza 6€ ordaindu behar da. Antolatzaileek azaldu dute, saio batzuetako sarrerak agortzen ari direla eta gaztetxoenen saiorako bat ere ez dela gelditzen. Zestoarrak ez direnei ere Antzerkia Asteaz gozatzeko deia egin diete eskolako kideek. Saio guztiak, (ekainaren 29koa izan ezik) arratsaldeko 20:30ean hasiko dira. “Puntualitate ingelesarekin ibiliko gara” azaldu dute antolatzaileek.

“Geroz eta handiagoa bihurtzen ari den ekintza txiki hau, bihotzez eta maitasunez zuei agertzea beti da plazer izugarri bat. Mila esker zuen babesa eskaintzeagatik. Segi dezagun kultura sortzen, ereiten, bera baita arima elikatzen diguna, pentsamendu kritikoa ematen diguna eta gure begirada beste kolore batez argiztatzeko gai dena. Toki berdinean jarraitzen dugu, toki txikiegia Zestoak duen bulkada artistikoa aintzat hartzen badugu. Hau ere esan gabe ez gara geldituko” azaldu dute antzerki taldeko kideek.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide