Urrutiko intxaurrak lau, gerturatu eta hamalau
— 2019-03-01Aurtengo San Balentin eguna uste baino azkarrago pasatu zait, eta ez da izango sare sozialetan “maiteminduen eguneko” zozketa, promozio eta halako anuntzioetatik libratu naizelako, baina bai, agian, distraituta nengoelako eguneko gai nagusia zen kontzeptu sinple eta aldi berean hain konplikatuaz hausnartzen: Maitasuna. Erromantikoa, lagun artekoa, norberak bere buruari diona… Baina, azken aldian, maitasun erromantikoaz pentsatzen jardun dut, batez ere.
Ezagutzen nautenek badakite antierromantiko samarra naizela. Gero eta anti-ago naiz, eta gero eta kontzientzia gehiagorekin. Pertsona oso independentea izanik (batzuetan gehiegi ere bai), garai batean indiferentzia eta aspermena ematen zidan ikusteak pelikuletan, edo jendearen bizitzetan, bestea gabe ezer ez diren maiteminduen istorioak, jeloskortasun dramatikoak, bizitza guztirako promesak… Baina irakurriz, eta feminismoari esker, joan naiz ulertzen nola bultzatzen gaituzten, emakumeok batez ere, gure gabezia eta beldurrak beste pertsona (gizon) baten “maitasunarekin” betetzera, osatuko gaituen bikote figura hori aurkitzera. Eta horrek antierromantiko izateko arrazoi gehiago eman dizkit.
Hogei urteren bueltan hasi nintzen generoaz, sexualitateaz eta harremanez irakurtzen eta hausnartzen. Nire heterosexualitatea desegin bitartean, ez nuen ulertzen nola hainbeste emakumek gizonekin bikote-harremanak eraikitzea aukeratzen zuten behin eta berriro (aukeratu, zenbateraino?). Eta nolako harremanak, gainera. Ingurura begiratu, eta askotan pena ematen zidan panoramak. Zenbat komunikazio falta, engainu, suposizio. Zenbat min. Ematen zuen jendeak inertziaz eta gehiegi pentsatu gabe bukatzen zuela bikote harremanetan. Beste norbaitekin oheratu naiteke? Elkarren familiak ezagutzea nahi dugu? Elkarrekin bizi nahi dugu? Zer nahi dugu? Ez zuten negoziatzen harreman hori nolakoa izatea nahi zuten zehazki, emandako eredura moldatzen ziren. Eta nik ez nuen ulertzen zergatik eta nola. Baina hori zen, eta da, normala, oraindik ere.
Frustrazioa alde batera utzi eta, saiatu naiz besteen azalean gehiago jartzen, ulertzen askorentzat funtzionatzen duela eta “erraza” dela, eta punto. Edo ez diotela buelta gehiagorik ematen. Baina, baita ere, ohartu naiz harreman asko ez direla guk uste bezain “normalak”. Nik guztiz heterosexualtzat jotzen nuen aspaldiko ezagun batek, gizon batekin lau ume dituenak, esan zidan gaztetatik zekiela neskak gehiago gustatzen zaizkiola, baina behin lagun honekin oheratu, haurdun gelditu eta… harremana eraikitzen hasi ziren. Beste lagun batek urte asko zeramatzan mutil-lagunarekin eta elkarrekin bizi ziren bera, bikotea eta umea, baina harremana gaiztotzen hasi zenean, aparteko etxeetan bizitzea erabaki eta onera egin zuen kontuak. Orain ez daki definitzen haien arteko harremana, baina gustora dago. Horrelako zenbat gehiago ote daude alfonbra azpietan ezkutatuta? Zergatik irudikatzen dugu etengabe bikote eredu bakarra, errealitatea ez bada hain sinplea?
Amorrua ematen dit ohartzeak nola nerabe ginenean sinesten genuen bikote-harreman perfektuetan, maitemintze pelikuleroetan, eta zenbat lan egin behar dugun oraindik ere horiei aurre egiteko. Sentitzeko gizartearen parte garela denok, beste asko eta asko daudela normaren bazterretan, nahiz eta guk ez jakin. Gainera, normaltasuna etengabe aldatzen da. Pentsatu dibortziatu nahi, eta ezin izan duten emakume guztiengan, ez zelako legala. Pentsatu gaztetan gay zirela ezkutatu behar izan zuten gizonengan (horretan, oraindik, badugu zer hobetu). Garai batean normala zen bizitza gaur egun zeharo antigoalekotzat jotzen da. Eta normala dena ez da, automatikoki, onena.
Hala ere, normaltasunaren zaindariek ez digute begirik kentzen bazterretan gaudenoi. Egunerokotasunean eta otsailaren hamalau bakoitzean, ematen du bikote harreman itxi eta egonkorra edukitzea dela ongi bizitzeko modu bakarra, eta norma horretan sartzen ez garenok arraro sentitu behar dugu. Erromantizismoaz paso egiten dugulako edo ez dugulako pertsona bat eta bakarra nahi gure eguneroko konpainiatzat. Agian nik nahi dut pertsona batekin maitemindu, bestearekin parrandan musukatu eta hango harekin kezka intimoak partekatu. Eta izan daitezke lagunak, asteburu bateko ligeak, bikoteak, maitaleak edo batek daki zer. Agian zeuk ez duzu definitu nahi, baina auzokideak segituan galdetzen dizu ea zurekin etorri den hori “bikotea” al duzun. Ba, egia esan, ez dakit, eta ez dit inporta. Zer da bikote izatea? Nahikoa lan daukat kudeatzen nire drama propioak, beldurrak, agobioak, makrojuizio intimoak…
Proposamen batekin nator: has gaitezen gure arau-hausteak aireratzen eta ospatzen. Nik, behintzat, nahi nuke jakin nola ateratzen zareten zuek normatik. Zeren, gerturatzean, ikusten dugu besteen intxaurrak ez direla hain normalak. Ezkutatu egiten ditugu, ordea. Atera ditzagun, erakutsiz bizitzeko eta harremanak sortzeko modu asko daudela. Horrek erakusten du gure beharrei, desirei eta bizitzako egoerei irtenbide pertsonalizatuak ematen saiatzen garela. Ez garela robotak. Anarik dioen gisan, bizitzaren bidean zirriborroak marrazten goazen animalia izu eta ederrak garela.
Nik eskertuko dizuet hain normalak ez zaretela ikustea, eta tarteka (edo beti) lekuz kanpo sentitzen diren beste askok ere bai. Arraroa izateak ere nekatu egiten du eta.
Egin zaitez bazkide