160. Militarrak eta Gerra Zibila
— 2019-08-27Udako epeltasunak eta alaitasunak beste era bateko liburuak eta gaiak eskatzen baditu ere, beti da pozgarria Gerra Zibilaren inguruko gauza berriak argitaratuta ikustea. Egia da, askok dioten bezala, Gerra Zibilaren kontu honek nolabaiteko “moda” itxura hartu duela, baina aldi berean aitortu beharra dago gauza asko daudela oraindik ezkutuan eta gizalegeak, duintasunak eta justiziak gauza horiek bistaratzea eta eragindako mina aitortzea eskatzen dutela.
Oraingoan, Germán Ruiz Llano-ren “Militares y Guerra Civil en el País Vasco” liburu argitaratu berria erosi dut eta derrepente hasi naiz irakurtzen. Militarren kontu horrek hasiera batean astuna eta interesik gabekoa badirudi ere, arrapalada batean irakurri dut, arnasa hartzeko astirik gabe, eta asko argitu dizkit gerra Zibilari buruzko nire jakintza apalak.
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko militarren jokabideak aztertzen ditu liburuak baina nik Gipuzkoari eskaini diot oraingoz arreta guztia. Liburuak dioen bezala, 1936ko uztailean armada espainiarra II. Errepublikako Gobernuaren aurka altxatu zen baina legezko gobernuarekin leial ziren armada-kideekin egin zuen topo. Horrek eragotzi egin zuen militarrak denak blokean altxatzea eta, besteak beste, horrek ekarri zuen hiru urte luzatuko zen gerra eta eta hainbeste hildako eta sufrimendu. Liburuan, Euskadiko militarren konspirazio ahalegin eta jarrera korapilatsuak aztertzen dira sakontasunez. Jakina da Donostiako kasuan nahasmendu handia eta adostasun falta izan zela militarren artean eta horrek denbora eman ziela errepublikaren aldekoei altxamenduaren kontrako erresistentzia antolatzeko. Liburuak oso sakon kontatzen ditu orduko goi militarren ikuspuntuak, Loiolako kuartelaren altxamendua, setioa, Gipuzkoako Defentsa Batzordea eratzea, Loiola erori eta berehala, laurogeitaka armada-ofizial eta polizia atxilotzea eta gehienak fusilatzea…
Ikerketa lan sakon bat izateaz aparte irrikaz irakurtzen da liburua (eta hori behar du ikerketa on batek). Gurera etorrita –jakina den bezala, hemen “Aztarkan” ez daukate lekurik gurea, alegia, gure herria aipatzen ez dutenek– bada “Egoerak harrapatuta” izena daraman kapitulua eta horren barruan, “Udatiarrak, zerbitzurako moduan daudenak eta erretiratuak”, ataltxo laburra baina gure herria aipatzen duena. Esan dugun bezala, altxamendu garaian militarren artean ez zen adostasunik egon eta nahasmendua izan zen nagusi: batzuk altxamenduaren aldekoak ziren garbi-garbi, beste batzuk errepublikaren aldekoak, beste asko, berriz, egoeraren arabera eta haizeak nondik jotzen zuen arabera mugitzen ziren batera edo bestera. Kosta egiten zen bakoitza zein alderditakoa zen jakitea.
Horrela bada, frankistak Zestoan sartu zirenean (1936ko irailaren 21ean) mesfidantzaz jokatu zuten bainuetxean uda pasatzen zeuden militarrekin eta galdeketa zorrotzak egin zizkieten. Humberto Padura Segui, Guardia Zibileko kapitaina, bainuetxean zegoen altxamendu garaian. Uztailaren 22an inguruko ostatu batean –liburuak ez du argitzen non– ezkutatu zen. Handik gutxira, aurkitu egin zuten nonbait eta Donostiara bidali zuten; han, Bengoa koronelak baimena eman zion atzera Zestoara itzultzeko eta tratamenduarekin jarraitzeko, eta, horrela, frankistek herrira sartu arte erdi ezkutuan ibili omen zen gure herrian. Haiek Zestoako komandante militar izendatu zuten, baina handik gutxira salatu egin zuten herriko karlistek, epela kontsideratzen zutelako altxamenduarekiko. Gainera, Zestoako zenbait abertzale babestu egin omen zituen, eta haiekiko (“elementos de reconocido matiz nacionalista” diote agiriek) salaketen aurrean zera esan omen zuen: “eran excelentes personas y se les guardase toda serie de consideraciones, entre ellos el médico Venancio Garaizabal y el Depositario Señor Zunzunegui, que no les consideraba culpables bajo ningún concepto; que pudiera destituírseles del cargo oficial, pero sin perseguirlos”.
Azkenean gauza bertan behera geratu zen baina zortzi hilabetean atxilotuta egon zen, ikerketa judizialek beren jarrera politikoa eta altxamendu aurreko ekintzak argitu bitartean. Serio hartu beharreko kontuak izaten ziren ikerketa horiek zeren-eta, askotan, hari fin batek bereizten baitzuen irabazle edo galtzaile ateratzea, alegia, etorkizuna ondo ziurtatuta edukitzea edo betirako mendean eta erreprimituta egon behar izatea. Gure udatiar guardia zibilaren kasuan, ondo atera zitzaion dena eta urte gutxi barru teniente koronel egin zuten.
1936ko abenduaren 9an, Osoko Bilkura edo Plenoa egin zuten Zestoako Udaleko irabazleek. Herriko karlisten informazio eta salaketetan oinarrituta, udaletxeko langileen zerrenda osoa aztertu zuten (30etik gora udal langile izango dira, garai hartan bandakoak eta maisuak ere udal langile ziren eta). Egunen batean ekarriko dugu hona zerrenda osoa, ikusteko zein salbatu ziren eta zein ez, baina gaurkoan bi besterik ez ditugu aipatuko, Ruiz Llano-ren liburuan aipatzen diren bi biak. Benantzio Garaizabal medikuarekin ez zuten inolako zalantzarik izan; udaleko zinegotzi frankista denek aho batez eman zuten epaia: “Queda clasificado como nacionalista y por unanimidad quedó destituido de su cargo”. Eustasio Zunzunegi gordailuzainarekin, ordea, gauzak gehiago korapilatu ziren: “Depositario, don Eustasio Zunzunegui. Se entabló discusión sobre si debe clasificársele de nacionalista o como indefinido de derechas. Tras concienzuda deliberación, se puso a votación el asunto y votan clasificándole nacionalista los señores Urbieta [José] y Gaztañaga [Roque] y votan juzgándole indefinido de derechas los señores Aguirre [Antonino], Aristondo [Martín], Aizarna [Ascensio], Orbegozo [Ignacio], Lizaso [Fidel], Arocena [Roque] y Presidente [Juan Aramburu Zurriarain]. Total, dos que le juzgan nacionalista y siete que le definen indefinido de derechas. Total de votantes nueve, número igual al de concejales. Por mayoría de votos se acuerda declararle indefinido de derechas y confirmado en su cargo”.
Padura guardia zibilarentzat Garaizabal eta Zunzunegi “eran excelentes personas y se les guardase toda serie de consideraciones” baina udal zinegotzientzat bestelakoa zen egia.
Kontuak kontu, aitzakia ederra izan dugu “Militares y Guerra Civil en el País Vasco” liburua geure herriari ere begirada bat emateko, eta gure historiaz pixka bat sakondu nahi duenari biziki gomendatzen diot irakurtzea. Ez du epel utziko.
Egin zaitez bazkide