170. Laranjadi

Atzo arratsaldean Roman Artanorekin egin nuen topo Euskal Herria plazan, eta nik idatzitako zenbait “Artarka” ikasleekin erabiltzen zituela esateaz gain, Laranjadi etxea izan genuen aipagai. Eskerrik asko, Roman, eta gainerako irakurleei ere bai. Plazera da plazerez egiten ditudan lerro hauek –batzuetan inspiratuagoak, gehienetan asko hobetu daitezkeenak– irakurri ez ezik erabili ere egiten dituzuela jakitea (euskaltegikoek ere gauza berdina esan zidaten behin). Mila-mila esker. Ohorea da.

Laranjadi etxea aipatu genuen. Non ote zen. Argituko dugu, baina hori baino lehen sarrera txiki bat egingo dut, zilegi bazait irakurlea pixka bat “aspertzea”. Laranjadi, Pedro Egaña politikariaren etxea zen. Egañatarrek Aizarnan dute jatorria eta pertsona oso ezagunak dira batez ere zuzenbide arloa jorratzen dutenentzat eta historialarientzat. Pedroren aitona Domingo Ignaziok El guipuzcoano instruido argitaratu zuen 1780an, Gipuzkoan aurreko ehun urtetan hartutako erabakien, ebazpenen eta abarren bilduma, alfabetikoki antolatua. Ordenagailurik ez zen garaian, ikaragarrizko pagotxa, administrazioetako legegizonentzat, holako edo halako lege edo erabaki aurkitzeko. Pedroren osaba Bernabe Antoniok berriz “Instituciones…” argitaratu zuen, foruzaleentzat eta beste friki askorentzat liburu ezaguna. Pedro de Egaña, berriz, (1803-1885) Isabel II.a erreginaren garaiko euskal politikaririk ezagunena da. Euskal foruen defendatzaile sutsu eta liberalismoaren alderdirik kontserbadorenen adibide, Espainiako ministro izatera ere iritsi zen. Oraindik orain argitaratu du Euskal Herriko Unibertsitateak Pedro Egaña. Discursos y escritos liburua (Coro Rubiok editatua) eta hara bideratuko dugu politikari interesgarri honetan sakondu nahi duena.

Hori dena esanda, orain bai, sar gaitezen Romanen galderara: Non zegoan Laranjadi etxea? Bada, Joan Mañe y Flaquer idazleak ematen digu lehenengo pista El oasis liburuan (1876-1880): “Viniendo a Zestoa se ha de hacer la excursión a la cima de Izarraiz, monte abundante en minas de jaspe de todos colores […]. Doy a V. una vista de este monte, tomada desde la casa de d. Pedro de Egaña”. Bista horixe da, hain zuzen, hemen jarri duguna. Ondorioz, herritik paseatu besterik ez dago marrazki hori nondik ateratakoa izan daitekeen jakiteko. Ugarte, Kutxa, hor ingurutik?

Pista gehiago zabaldu beharko ditugu mahai gainean. Barojak bere memoriatan dio Zestoan mediku izan eta handik hogei bat urtera Fernando del Valle Lersundirekin topo egin zuela Madrilen. Lersundi Donostiako San Telmo museoko zuzendari zen garai hartan. Lersundik Pedro Egaña aipatu zion nonbait Barojari, eta seguruenik Zestoako etxean egongo zirela Egañaren paperen batzuk. Barojak zera erantzuten dio: bazeudela bera herriko mediku izan zenean; liburutegi oparoa zuela Historiari buruzko liburu eta foiletoz betea baina garai hartan berak ez zituela horrelako liburuak gustuko. Kontuak kontu, Zestoara etortzeko hitzordua jartzen dute biak (1920 hamarkadaz ari gara) baina iritsitakoan Egañaren etxea bazar bihurtuta ikusten dute eta paperak eta liburuak auskalo non zeuden. Alfer bidaia, beraz. Ordukoa zen ba, aurreko batean hona ekarri nuen perla hau: “Berriro ikusi nuenean, [Zestoa, alegia] porlanezko artefacto zuri batzuk ageri ziren, historiaurreko animaliaren baten hezurdura ziruditenak. Berriro herrira ez azaltzeko promesa egin nion neure buruari. (Vitrina pintoresca, 1935). “Artefacto zuri haiek, historiaurreko animaliaren baten hezurdura ziruditenak, gure hotelak ziren.

Bada, gaur egun Kutxa dagoen eraikuntzaren ordez 1925 inguruan –alegia, Lersundi eta Baroja herrira etorri ziren garai beretsuan– zegoen etxeari erreparatzen badiogu postal zaharretan, berehala ikusiko dugu behe solairuan bazarra dagoela (sakatu hemen, ikusteko).

Badaude pista gehiago. Horietako bat –eta nahiko fidagarria– Juan Erentxunek 1966ko Amabirjinetako egitarauan ematen duena da: “Don Pedro de Egaña (…) pasaba temporadas en su magnífica finca de ‘Naranjadi’ que radicó junto al actual hotel Blasa”. Erentxunek, 1907an jaioa izaki, ez da harritzekoa Egañaren etxea berak bere begiekin ikusi izana.

Askok esan izan dute gaur egungo Laranjadi plazan ote zegoen Egañaren etxea. Ez da hala, lehen eman ditugun frogen arabera. Urrutirago joan gabe, garbi baino garbiago dago Baroja bigarren aldiz Zestoara etorri zenean (1920 ingurua), Laranjadi plazan ez zela etxerik. Nolatan ikusi zuen orduan Egañaren etxea bazar bihurtuta plazan baldin bazegoen? Ezinezkoa. Egañaren etxea, gaur egun Kutxa dagoen lekuan zegoen.

Bukatzeko, gogoratuko dugu Isabel II.a erreginak, jada erregetza bere semearen esku utzita zuelarik, bi aldiz bisitatu zuela Egaña Zestoako etxe horretan, Laranjadiko etxean, 1883 eta 1884an. Lehendabizikoan, irailaren 25ean, Hijar-eko dukesak eta Seris de Granier intendenteak lagunduta etorri zen. Badakigu jende dezente –handiki dezente esan beharko genuke– bildu zela eguerdi hartan Laranjadin, eta litekeena da bazkari ondoko kafeak eta musika entzunaldiak atzeko lorategian, (gaur egun Kutxako etxea eta Idiazpi bereizten dituen kalearen inguruan) egitea. Zestoako herriak alaitasun handiz hartu omen zuen erregina, kanpai-buelta, txupinazo, Musika Banda (ez dakigu nondik ekarria) eta abarrekin. Jakina, debaldeko ardorik ez zen faltako herriko plaza inguruan, herritar xehea monarkiarekin hain sentibera azal zedin kalean jendaurrean (tira, betikoa, panem et circenses).

Hauexek bada, Laranjadiko kontuak. Gaurkoz nahiko. Mila esker denoi.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide