Paperekoa

MUTU EGON BEHAR – Mikel Lizarralde

1. Orain dela bi urte eskas ikusi genuen irudi polita Parisen. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren kontrako atentatu beldurgarriaren biharamunean, Europako agintari gorenak manifestazio jendetsuaren lehenengo lerroan: Je suis Charlie zioten txartelekin. Eta guk sinetsi, nola ez. Adierazpen askatasuna eskubide unibertsala dela behin eta berriro esaten zuten Rajoy, Merkel, Hollande eta gainerakoek. Eta guk sinetsi.

2. Orain dela hilabete bateko kontua. Urtero bezala, Nafarroako Komiki Azoka antolatu dute Iruñean, eta H28 aldizkaria gonbidatu dute bertara. Bitxia bada ere, Charlie Hebdo-ren kontrako erasoaren ondoren sortu zen aldizkari hori. Baina bi lan atzera bota dizkiote: Opus Dei pedofiliarekin lotzen du batek, “gehiegizkoa delako” erretiratu dute; Guardia Zibila tortura hitzarekin erlazionatzen duen gurutzegrama da bestea, “azoka hortaz hitz egiteko leku egokia ez delako” baztertu dute. Eta ez gara UPNren Nafarroaz eta Iruñeaz ari.

3. Donostiako Zinemaldian gatazka politikoei buruzko ziklo interesgarria antolatu dute aurten. The Act of Killing. Euskal Herria dute ardatz bertan ikusi diren film ugarik, baina bestelako errealitateak ezagutzeko aukera ere eman dute beste lan askok. Lan politikoak dira gehienak, errealitate baten berri eman nahi dute baina euren burua politikoki definitzen dute.

4. Donostiako Zinemaldian ikusi dugu irudia, irekiera galan. Aurkezleek hitza hartu dutenean, zenbait lagun gaixo dauden euskal presoak askatzeko oihuka hasi dira. Zinema jaialdiaren ikusgarritasuna baliatu nahi izan dute euren aldarrikapena egiteko. Hala moduz atera dituzte aretotik, agintari politikoen aurpegi deserosoak begi bistan genituela. Adierazpen askatasuna bai, baina “agian hobe urruti” pentsatuko balute bezala.

5. Donostian baino gertuago ere hormek hitz egin nahi dute. Alkatea, ordea, Clint Eastwood pistolarekin baino azkarrago mugitzen da marroi koloreko pintura tristearekin, horma mutu egon dadin.

Mikel Lizarralde




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide