Albisteak

Adinekoen bakardadeak eragindako arazoei modu komunitarioan aurre egiteko proiektua aurkeztu dute

Proiektuaren helburua adinekoen bakardadeak eragindako arazoei aurre egitea da, modu komunitarioan. Hirube kooperatibak zuzenduko du proiektua eta herriko eragileen eta udalaren laguntza izango ditu.

Proiektua aurkezteko prentsa agerraldia Zestoako Udalean.

Adinekoen bakardadeak eragindako arazoei aurre egitea helburu duen Izarraitz proiektua aurkeztu dute gaur eguerdian Zestoako Udalean. Bertan izan dira udal ordezkariak, Maider Aranburu Hirube kooperatibako kidea, San Juan egoitzako zuzendaritza eta 3Z eta Zestoako Jubilatuen elkarteko ordezkariak.

Proiektuaren muina, nahi gabeko bakardadearen aurrean estrategia komunitario bat abian jartzea da, batez ere, egoerak larriagotu aurretik detekzio goiztiarra egin ahal izateko. Hirube kooperatibak zuzenduko du proiektua, herriko eragileen eta udalaren laguntzarekin. Zestoako Udalak finantzatuko du egitasmoaren erdia eta beste erdia Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntzatik osatuko da. Mikel Arregi Ertxin alkateak adierazi du Zestoako Udalak legegintzaldi honetan martxan jarriko duen proiekturik “garrantzitsuena eta estrategikoena” izango dela  eta arrakasta izateko, “eragileen elkarlana” eta “herritarren babesa” izatea ezinbestekoak izango direla.

Arregik datu batzuk mahaigaineratu ditu. Bakarrik bizi diren adineko pertsonak zenbatzeko diagnostiko kuantitatibo bat egin dute eta alkatearen esanetan, “momentu honetan Zestoako adinekoen % 22a bakarrik bizi da eta bilakaera nolakoa den kontuan hartuta, 15 urte barru, 250 izatera pasako lirateke”. Arregiren arabera, pertsonen ongizatea “eremu publikotik” defendatu behar da eta adinekoen bakardadeak eragindako arazoei “herritik” egin behar zaie aurre: “Zestoan baliabide humano handia daukagu honi aurre egiteko eta udal honentzako baliabide hori baliatzea obligazio bat da. Herrian jende asko ari da lanean herrigintzatik:  3Z elkartea, Jubilatuen Elkartea, egoitzak…”

Egoerak identifikatu

Hirube kooperatibak hartuko du proiektuaren ardura eta bi urtez egongo dira udalarekin elkarlanean. Maider Aranburu kooperatibako kidea astean hirutan izango da udaletxean lanean. Bere esanetan, “ekimenaren helburua herrian zaintza kolektibo eredu bat garatzea da”. Zaurgarritasun egoeran dauden adineko pertsonak egoera larrietara iritsi aurretik detekzio goiztiarra egingo dute eta horretarako, administrazioaren laguntza baliatuko dute. Lehenengo, egoera horretan dauden pertsonak identifikatuko dituzte eta aktibazio komunitarioa egingo dute; hau da, komunitatearen begirada soziala eta konpromisoa aktibatuko dituzte. Lan hori eginda, pertsona horien premiei erantzuna emango diete. Horretarako esku-hartze lana egingo dute, udaletxeko gizarte langileekin. Aranbururen esanetan, hori lortu ahal izateko oso garrantzitsua da “herriak” eta “komunitateko eragile guztiek” parte hartzea.

Herri proiektua

Joseba Illarraemdi San Juan egoitzako zuzendariak azaldu du Izarraitz “herritik bertatik”sortutako proiektu bat dela eta udalak “bere” egin duela. “Zestoarrok aukera izango dugu nola zainduak izan nahi dugun aukeratzeko eta hori da proiektu honen puntu garrantzitsuenetako bat”. Egitasmoarekin zaurgarritasun egoerak detektatzeko sistema bat garatuko dela esan du eta ondoren, egoera bakoitzari ze motatako zerbitzuak eskaini beharko diren aztertzeko unea izango dela: “Horrek lanketa bat ekarriko du eta dena aztertu beharko da, zerbitzuak beharren arabera diseinatzeko”. Horrez gain, egitasmoak izandako adostasun politikoa azpimarratu nahi izan du.

Xanti Ugarte 3Zko partaideak, berriz, eragileen izenean hitz egin du: “Egun hau ondo apuntatuko dugu gure historian. Nik uste dut hasiera serioa ematen diola gizarte eta herri honek behar duen proiektu bati”. Ugartek, gainera, eskerrak eman nahi izan dizkie proiektuan parte hartu duten norbanakoei, eragileei eta udalari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide