AGINTEA VERSUS AGINTEKERIA

Garai benetan zailak dira bizitzen ari garenak eta aitortu behar da ez dela batere erraza jarduera pertsonal zein publikoa kudeatzerakoan guztiz asmatzea. Pandemiari aurre egiteko alerta egoera indarrean jarri izanak, askatasun pertsonal zein publikoak erabat murriztu ditu eta gurea bezalako gizarte kalezale batean kontraesanak sortzea ez da harritzekoa.

EAJk bere idatzian, Zestoako Udalak maiatzaren 2ko gauean danborra jotzera kalera atera ziren herritarren jokabidea salatu beharko lukeela dio. Eta eskari hori udal barruko organoetan proposatu aurretik, publiko egitea erabaki du.

Nolanahi ere, guk garbi adierazi nahi dugu salaketak ez duela inoiz helburu izan behar, gu ez gaude udal gobernuan inor salatzeko, ardura eta erantzukizuna eskatzea gauza bat da baina aginte politikoa ezin da agintekeria autoritario soilera mugatu.

Konfinamenduaren arintzeak edo Zestoan kutsatze tasa arinetan egon izanak agian gehiegi erlaxatu gaituela dirudi eta ez litzateke batere justua soilik maiatzaren 2ko gauean kalera atera ziren herritarren aurka jotzea, igandean ere haurrekin antzeko zerbait gertatu zen eta eguraldiak lagunduta hainbat herritar taldeka atera ziren paseora eta erreka bazterretara. Asteburuko arau hauste guztiak salatu beharko balira etsaitze kolektibo batean bukatuko genuke eta ez dira elkar salatzen hasteko garaiak, arduraz eta erantzukizunez jokatzekoak baizik.

Bestalde, EAJk bere haserako idatzitik Danbolin aldizkariari egindako kritika erretiratu izanak zer pentsatua eman digu, ez dira noraezean ibiltzeko edo oportunismo politikorako garaiak, ezta ez dagozkigun dominak jartzekoak ere. Ez ditzagun pandemiari aurre egiteko indarrak lehia politikoan xahutu.

Herenegun positibo kasu baten berri izan genuen, gaitza gure artean daukagun seinale, eta kutsatzea ekiditeko neurriak behar bezala betetzen ez baditugu, aurrera egin dugun guztia alperrik izan daiteke. Pertsonetan sinesten dugunez, autokritikan ere sinesten dugu eta heldutasunez denok elkar hartuta hemendik onik ateratzeko badakigu zer egin behar dugun.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide