Albisteak

Aho batez eta elkar hartuta onartu ziren atzoko udal batzarrean 2021eko aurrekontuak

Mikel Arregi alkatearen esanetan, Covid-aren aurrekontuak izango dira 2021ekoak. Diru sarrerak gutxiago izango diren arren, gastu sozialetan %15eko igoera emango da.

2021erako aurrekontuak 5.591.424 eurotakoak izango dira. Hortik pertsonal gastuetara bideratuko dira 1.906.000 euro eta zerbitzu eta ondasun arrunten erosketetara 1.491.000 euro. Ondorioz, inbertsio errealetarako gelditzen den kopurua 651.000 eurokoak izango da.

Sarrerei dagokienean, aurten gutxitze nagusi bat izango da, Udal finantzaketarako foru funtsetik 2021era begira aurreikusitako diru sarrera 212.000 euro gutxiagokoa izango da. Ondorioz, aurrekontuak ere egokitu egin behar izan dira. Hala eta guztiz ere, 2020ko aurrekontuen likidazioarekin alderatuz, %3,5eko igoera bat izango dute 2021eko aurrekontuek.

 

Definitzeko dauden aldagaiak

Udalaren zorpetze baila oso baxua dela eta egoera ekonomiko egonkorra duela azpimarratu zuen alkateak. Atzo onartutako aurrekontuetan, ez da defizitik aurreikusten, baina honi eragin diezaioketen “aldagai asko” daudela esan zuen Mikel Arregik oraindik definitzeko. Esate baterako Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailarekin alokairu sozialera bideratutako etxebizitza parke publiko baten eraikuntza dela eta, Idiazpi mendebaldeko lurrak erosteko prozesua. Lur horiek erostea tokatuko zaio udalari ziurrenik 2021ean, Eusko Jaurlaritzarekin horrela hitz eginda dagoelako eta hori suertatuko balitz, aurrekontuetan aldaketak egin beharko lirateke eta orduan bai 2021erako aurrekontuetan defizita sartuko litzateke. Baina beti ere legearen barruan eta onartutako neurrian.

Bestalde, aurreko legealditik datorren epaiketa baten sententziaren zain daudela ere aipatu zuen; “Badakigu helegitea aztertzen ari direla auzitegi probintzialean eta 500.000 euroko sententzi hori udalaren aurkakoa bada ba horrek ere baldintzatuko lituzke aurrekontuak”.

 

Gastu sozialak indartzera

Pandemiaren eragina antzemango da datorren urtean ere eta gastu sozialetan, gizarte larrialdietarako laguntza orokorretarako kopuru absolutuak 100.000 eurotara igoko dira. Eusko Jaurlaritzak ematen du diru laguntza bat honetara bideratzeko baina udalak ere bere ekarpena handitu egin du (32.000 euro) aurreko urtekoarekin alderatuz 10.000 euro gehiagokoa izatera pasaz. Bide berean, sektore kaltetuenak laguntzeko 30.000 euroko beste partida ireki bat ere jarriko da.

 

Inbertsio nagusienak

1.- Trantsizio ekologikoa: Eraikin publikoetan energia berriztagarriak erabiltzeko bidean proiekturik ez da garatu inoiz eta 100.000 euro bideratuko dira datorren urtean horretara. Euskal Energiaren Erakundearen diru laguntza jasoko da. Erregai fosiletatik bideratzen dugun berogailu eta gainontzeko sistemak, energia berriztagarriz hornitzeko aukerez ordezkatzea da asmoa. Honek urteroko jarraipena izan beharko du 2030ari begira gutxiago kontsumitu eta kontsumitzen dugunaren %35a energia berriztagarrietatik egitea lortu nahi baita.

2.- Udal biltegi nagusi baten beharra ere ikusi da eta horretara bideratuko dira beste 100.000 euro. Azpiegitura bakar batean dena biltzeko premia dago batetik eta bestetik ibilgailu handiagoko baten beharra ere ikusi da, pisu astunekoa, gida baimen berezia behar duena eta hori sartzeko ere ez du udalak eraikin egokirik beraz beharrezkoa da biltegi berri bat.

3.- 2020an bertan behera utzitakoak; komun publikoa (75.000 euro), kiroldegi eremuko argizuloak kentzea (45.000 euro), auzoetako hiri lanak (40.000 euro), pilotalekuko harmailak (17.000 euro), “Correos” eraikinaren eraisketa (45.000 euro)…

4.- Aisi guneak: Arroabeko Sakulupe haur parketa (15.000 euro) eta Zubiaurre eremuaren birgaitzea (30.000). Aranzadirekin adostu behar dira eremu honek eskaintzen dituen aukerak.

5.- Herria gurutzatzen duen errepidearen eta sarrera-irteeren birmoldaketa proiektua egitea. Foru Aldundiko errepide sailarekin adostutako aldaketak gauzatzeko proiektua egin behar da. GI-631 errepidearen birmoldaketarekin zirkulazio plana aldatuko da. Arocena aldetik, herritik irten bakarrik egin ahalko da eta baita Ertxinondo aldetik ere. Herrira sartu berriz, Enekosaustegitik (mediku etxe aurreko sarrera moldatu beharko da) eta Zumaia aldeko aurreneko sarreratik egingo da. Bestalde, Ertxinondoko geltokitik hasita, oinezkoentzat espaloia egingo da mediku etxe aurretik pasaz, eskolako patioraino. Akoara sarrera ere egokituko da. Horrez gain, Etorra bailarara ur hornidura eramatearen aurre azterketa ere egingo da. Zirkulazioari eragingo dion proiektua egiteko eta Etorrako ur horniduraren azterketarako, 30.000 euro bideratuko dira.

6.- Kultur Etxeari dagokionean azterlana. Ikusirik kultur etxeko aretoa oso txiki gelditu dela eta aztertutako beste aukerak (Elizondo…) ez dituztela aforo aldetik teknikoki aukera hobeak eskaintzen, gaur egun kokatuta dagoen eremuan azterketa bat egin nahi da. Udal brigadak erabiltzen duen kultur etxe azpiko biltegia hustu egingo litzateke biltegi nagusia erosiko balitz eta horrek aukera emango luke goi eta behe zerbait areto berria egiteko. Diru partida bat jarri da (10.000 euro) azterketa hau burutzeko.

 

Oposizioa gustura

Garikoitz Mendizabal oposizio buruak hartu zuen bukaeran hitza, aitortuzĀ  “Urte berezia izan arren, egoera txarrean adostasunera iritsi zirelako gustura eta pozik zeudela”, eta “Aurrekontuetan bat eginda herria irabazten ateratzen dela”. Arlo sozialean hartutako erabakiak oso bidezko eta zentzuzkoak iruditu zaizkiela ere gaineratu zuen. EAJk hauteskundetako herri programan jasotako hainbat gai kontutan hartu izana ere eskertu zuen, hala nola, eztabaida askoko gaia izan den kultur etxearen kokalekua, autoen herriko sarrera-irteerak aztertzea, Zubimusuko aisialdi gunea… Azken honi lotuta esan zuen, eskutik joanda eta planteamendu zentzuzko eta praktiko bat aurkeztuta, uste duela Aranzadik zerbait egitea baimenduko duela.

Mikel Arregik hitzok eskertu zizkion gaineratu ez dela ohikoa aho batez aurrekontuak onartzea eta honek ere esan zuen eta elkar hartze honek herritarrei eskaini beharreko zerbitzuan eta udalak arazoei aurre egiteko orduan duen gaitasunari begira, balio erantsia duela.

 

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zen

EH Bilduren mozioa ere irakurri zen atzo. Non Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaion, Europatik erkidegoko autonomikoetara bideratuta dagoen diru funtsen %30, udaletara bideratzea. Pandemia garaian, erakundeen hutsunearen aurrean, bere eskumenekoak ez izan arren, udalek bere gain hartu behar izan zituztelako laguntza sozial eta ekonomikoak. Mozioa onartu zenĀ EH Bilduren aldeko 5 boto eta EAJren aurkako 4rekin.

 

 

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide