Aizarnako erlijiotasuna 1936 urtean

Toribio Iruretak, 1936. urtean 16 orrialde  idatzi zituen Aizarnako biztanleek bizi zuten erlijiotasun giroa irudikatuz. Karta hauei gainbegiratu bat egin eta  berauek duten edukiaren azalpen txiki bat egingo dut Aizarnara begira dagoen txoko honetan. Bide batez gaur egun dugun  erlijiotasunari aipamen bat eginez konparaketa bat egiteko. 

Hasteko esan behar karta hauek J.M.Barandiaranen etnografia sailean daudela jasota, eta  denok dakigu gizon hau etnografo famatua zela. Euskal Herriko erlijiotasuna ezagutzeko saiakera izango zen seguruenik, atzean beste helbururen bat ez bazuen behintzat.

Orokorrean nik haurtzaroan ezagutu nuen girotik  ez dut aldaketa handirik ikusten, baina datu batzuk arreta bereziarekin irakurri dituela esan beharra daukat.  70 haurrek igandeko meza nagusian kantuan parte hartzen dutela esatean adibidez. Neskak eta mutilak batera ez, aparte egoten direla esaten du, garaiari zegokion bezala alegia, baina  gerotxoago ere hala ezagutu dut nik eta normaltzat hartzen genuen egoera hau. Garai haietan datu hau azpimarratzea arraroa egiten zait niri, edo genero berdintasuna aldarrikatzen hasita   zeuden Aizarnan?

San Luis kongregazioak 100 gazte zituela esaten du  eta honen arauak ondo betetzen zituztela gainera. Hilean behin jauna  hartu eta elizkizunetan hutsik egin gabe, 80 gizon eta emakume ezkonduk osatzen omen zuten San Frantzisko kongregazioa; gehitu honi “errosario” eta “animena”.

Ofizio lanetan kanpoan zebiltzanek etxera etortzean elizarekin zuten lotura, gutxi batzuk galdu  egiten omen zuten eta mezetara joan beharrean, “La Voz de Guipuzkoa” egunkaria tabernan irakurtzen pasatzen omen zuten denbora,  jendea “perbertituaz”. 

Donosti aldean lan egiten zuten gazteak direla esaten du, 25-27 urte bitartekoak. Gainera elizarekin lotura galdu bakarrik ez, gero  komunistei bozkatzen omen zieten, eta neskak ere ba omen zeuden tartean. 

Begira ze kalte ekartzen zuten herrira, kanpora lanera joaten ziren gazte hauek…! Guda aurreko kartak direla ematen du, ez zuten giro izango altxamenduaren  ondorengo urteetan. 

Egunero meza entzuten  12 emakume gutxi gora- behera eta gizon bat edo beste ondoren  meategira lanera joaten zirenak gainera. Arratsaldeko errosarioan ere  berdin, eta gizonak aste egunetan ez omen zuten jaunartzerik egiten. Emakumeek aldiz bai.

Eskolako ordutegian ez da aldaketa handirik ikusten, ostegun arratsaldea jai egiten zutela esaten du. Tituludun maisua zutela ere aipatzen du, San Fernando Cadizekoa omen zen. Euskaraz ez omen zekien, baina mutiko batek erdaraz ondo egiten  omen zuen eta honek egiten omen zuen itzultzaile lana.

Etumeta aldean sasi maisu bat, bailarako  haurrei eskola emateko, bertako baserrietan hartzen omen zuen ostatu, hilero baserriz aldatuz. Aldundia eta Udaletxea arduratzen omen ziren honen soldata ordaintzeaz.

Aizarnan esaten dugun bezala ” dotriña” hiru apaizek ematen omen zuten: handiei erretoreak, ertainei lehen laguntzaileak, eta haurrei bigarren laguntzaileak. Beraz, hiru apaiz zituen Aizarnak. Bada zerbait herri txiki baterako.

Ukuiluren batean  gaitza sartzen bazen, segituan omen zen apaiza konjurua egiten,  berehala sendatu zitezen animaliak. Berdin ekaitzak sortzen zirenean, berau, baretu eta kalterik egin ez zezan soro eta zelaietan. Lan hauen  ordainetan Lakari bat ale eman behar apaiza eta elizainari.

Zein promesa egiten diren herrian azaltzerakoan hiru hauek azpimarratzen ditu:  lo egiteko zailtasunak zituztenak, Santa Inesi; haurrak hitz egiteko gaitasunean atzeratuta datozenean,  Santa Engraziari; eta soldaduskatik aske gelditu edo gaixotasunen bat gainditzeko, San Antoniori, Urkiolara  ibilaldia eginez. Andregaia bilatzera ere promesa egin eta joaten zirela entzun izan dut, baina hemen ez du aipatzen horrelakorik.

Aizarnan eta garai horretan irakurtzen ziren egunkarien berri ere ematen du eta hauek dira datuak: 16 El Dia egunkari, 8  La Constancia egunkari, 2 La Cruz, 1 La Voz egunkaria, 2 El Pueblo Vasco, eta 50 Argia ale. Akatsik ezean egunkari ugari irakurtzen zela ikusten dut, baserritar eta  landa eremuko herri meatzari txiki bat izateko.

Amaitzeko esan behar datu gehiago ere azaltzen direla  karta hauetan, baina interesgarrienak bakarrik aipatu ditut hemen, garai horretako  Aizarnaren arlo bat ezagutu nahi duenarentzat.

Toribio Iruretaren hilarria Aizarnan.

Jon Egiguren

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide