Albisteak

Aizarnako eta Arroabeko ikastetxeetako haurrak Udal ordezkariekin bildu dira

Eskolako Agenda 21 programa lantzeko helburuarekin, Josetxo Mendizabal alkatea eta Izaskun LarraƱaga ingurumen teknikaria Aizarnako eta Arroabeko ikastetxeetako haurrekin bildu ziren pasa den ostegunean. Eneko Salaberria programaren kudeatzaileak adierazi moduan “Urola Kostako 14 ikastetxek hartzen dute parte ekimen honetan. Urtero garapen iraunkorrarekin lotura duten gaiak jorratzen dira Eskolako Agenda 21 programaren barruan. Aurtengo gaia ekitatea eta klima aldaketa da.”

Salaberriak azaldu digunez “ikastetxeetako haurrak herriko diagnostikoa burutzen ari dira momentu honetan, azterketa egiten ari dira, eta horren ondoren Udalari egingo dizkioten proposamenak zerrendatuko dituzte”. Ikasturte honetako programari amaiera emateko, maiatzean Udal Batzar Nagusia egingo da, eta bertan ikasleek proposamen zehatzak egingo dizkiote Udalari.

Osteguneko bileraren helburuetako bat aurreko urtean egindako proposamenei jarraipena egitea izan zen. “Ekimen hauen bidez haurrek Udal baten funtzionamendu ikus dezakete. Horretaz gain, beraiek egindako proposamenak zertan diren esan diete Udaleko ordezkariek” adiarazi du Salaberriak. Aizarnako eta Arroabeko jolas-parkeak, garraio publikoaren beharra, bidegorria… daude aurreko urtean egindako proposamenen artean.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide