Albisteak

Aizpea Goenaga, Olatz Beobide, Erika Olaizola eta Nerea Arriola izango dira antzerki astearen baitan antolatutako mahai-inguruan

Aizpea Goenaga, Olatz Beobide, Erika Olaizola eta Nerea Arriola.

Mahai-ingurua doakoa izango da baina aurrez izena eman beharko da Turismo Bulegoan.

Datorren astelehenean, ekainak 28, hasiko da aurtengo Antzerki Astea. Aste guztian zehar bost antzerki obra ezberdin eta mahai-inguru batez gozatzeko aukera izango da. Mahai-ingurua aurrez iragarri bazuten ere, gaur jakinarazi dute nor izango diren mahai bueltan eserita. “Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen” gaia oinarri hartuta arituko dira hizketan, Aizpea Goenaga, Olatz Beobide, Erika Olaizola eta Nerea Arriola. Moderatzaile lanak, ZuriƱe Maguregi Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikus-entzunezko proiektuen kudeatzaileak egingo ditu.

Antolatzaileen arabera, ohiko formatuetatik aldendutako jarduera izango da. Bertaratzen direnek “ezusteko polita” izango dutela azpimarratu dute eta saioko parte-hartzaile ere izango direla jakinarazi dute. Saioa uztailaren 2an izango da, arratsaldeko 17:30ean hasita, Kultur Etxeko areto nagusian. Doako ekintza izango den arren, parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da, Turismo Bulegoan (943 86 88 12).

Sarrerak agortzear

Bestalde, antzezlanetarako sarrerak agortzear daudela iragarri dute Eromeneko kideek. Ekainaren 28an, Lesakako Antzerki tailerreko kideek Iluntzen antzezlana aurkeztuko dute. Ekainaren 29, 30 eta uztailaren 1ean, Guateke lana oholtzaratuko dute Eromeneko ikasleek. Uztailaren 2an, Atzerrian lurra garratz obra eskainiko du Artedramak. Uztailaren 3an, berriz, Fadoak entzuten zituen gizona antzezlana ikusteko aukera izango da. Antzerki Astea amaitzeko, uztailaren 4an, Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako gaztetxoek Santiaga antzezlana aurkeztuko dute. Sarrerak Zestoako Turismo Bulegoan daude eskuragarri.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide