Albisteak

Badator Zestoako Antzerki Astea

Eromeneko kideak ‘Florida’ antzezlana jendaurrean aurkezten 2019an (Argazkia: Eromen)

Bost antzezlan eta mahai-inguru bat eskainiko dituzte aste guztian zehar. Berrikuntza gisa, antzezlan guztiak Caravan Parkeko pabiloian izango dira. 

Hemen da aurtengo Zestoako Antzerki Astea. Ekainaren 28an hasi eta uztailaren 4ra bitartean antzerkiak hartuko du herria. Berrikuntza batekin datoz Eromeneko kideak: aurten, Caravan Parkeko pabiloia izango da agertoki nagusia. Bertan oholtzaratuko dituzte antzezlan guztiak.

Aste guztian zehar bost antzerki obra ezberdin eta mahai-inguru batez gozatzeko aukera izango dute antzerki astean parte hartzen dutenek. Ekainaren 28an, Lesakako Mairu Antzerki Tailerreko kideek Iluntzean obra antzeztuko dute antzerki asteari hasiera emateko. Ekainaren 29, 30 eta uztailaren 1ean, berriz, Iñigo Dierezek idatzi eta Amancay Gaztañagak zuzendutako Guateke antzezlana jendaurrean aurkeztuko dute arte eszenikoen eskolako kideek.

Uztailaren 2an, hitzordu bikoitza izango dela jakinarazi dute antzerki eskolako kideek: mahai-ingurua eta Atzerrian lurra garratz antzezlana. Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen izenburupean antolatu dute mahai-ingurua eta arratsaldeko 17:30ean izango da Kultur Etxeko aretoan. Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko irakasleak zuzenduko du saioa. Iluntzean, berriz, Artedrama konpainiaren Atzerrian lurra garratz antzezlana plazaratuko dute. Ander Lipus eta Laura Penagos izango dira aktore lanetan eta Amancay Gaztañaga zuzendari.

Uztailaren 3an, Xake Produkzioak taldeak sortutako Fadoak entzuten zituen gizona obra eskainiko dute Kepa Errasti, Iñigo Aranbarri eta Ane Gabarain aktoreek, Getari Etxegarai zuzendariaren gidaritzapean. Azkenik, antzerki asteari amaiera biribila emateko, arte eszenikoen eskolako gaztetxoek Mikel Ibargurenek zuzendutako Santiaga antzezlana antzeztuko dute uztailaren 4an.

Sarrerak asteburuan salgai

Sarrerak Zestoako Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira ekainaren 8tik aurrera. Hala ere, aurretiazko salmenta egingo dutela jakinarazi dute Eromeneko kideek. Asteburu honetan, ekainaren 4ko iluntzean eta ekainaren 5eko eguerdian sarrerak erosteko aukera izango da Erdikalean. Antzezlanetarako sarrera bakoitzak zortzi euroko prezioa izango du. Ohi bezala, bonua erosteko aukera egongo da: lau antzezlan ikusteko bonuak 26 euro ordaindu beharko dira. Gaztetxoen emanaldirako sarrerak, berriz, bi euroan eskuratu ahal izango dira. Mahai-ingurua doan izango dela jakinarazi dute baina aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da Turismo Bulegoan. Ekainaren 28tik uztailaren 3ra bitarteko antzezlan guztiak arratsaldeko 20:00etan izango direla jakinarazi dute, Caravan Parkeko pabiloian. Gaztetxoen antzezlana, berriz, eguerdiko 12:00etan izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide