Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Irailaren 28an, igandean, herriko mendi lasterketa ezagunenetakoa berriro jokatuko da, Akoako Bira. 2019tik ez da egin, pandemiak eragindako etenaldiaren ondorioz, baina aurten antolakuntzak berriz martxan jarri du, korrikalarien eta zaleen artean ilusio handia sortuz.
Lasterketa 10:30ean hasiko da, eta dortsalak jasotzeko aukera ostiralean izango da, kiroldegian, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Igandean ere banatuko dira, Akoan bertan, goizeko 9:15etik 10:00etara. Parte-hartzaileentzat aldagelak egongo dira erabilgarri, eta pintxo bana eta edaria izango dute doan. Ikusleek ere aukera izango dute hamaiketakoaz gozatzeko, baina kasu horretan ordaindu beharko dute.
Goizeko giroari jarraipena emanez, 12:00etan egingo da umeentzako proba, 200 metroko lasterketa, 0 eta 12 urte bitarteko haur guztientzat irekia.
Antolakuntzak gogorarazi du 9:00etatik 13:00etara errepidea itxita egongo dela; itxiera nagusia San Juan egoitzan egingo da, eta Aizarnatik datozenek Ezenarro baserritik aurrera ezingo dute pasatu.