Altxor bihurtu diren erlojuei begira
— 2020-02-17
Azkenaldi honetan bada Zestoan eztabaida txiki bat, eta berau dorrean egon den erlojua non kokatu erabakitzea da. Gai honi buruz iritzi bat baino gehiago izango dira eta denak zuzenak seguruenik. Nik ere badut iritzi bat gai honetaz eta argitaratu egingo dut lerro hauetan, zerbait gehiago sakontzeko baliagarri izango delakoan.
Esan beharra daukat beti gustura ikusi ditudala erloju zahar hauek dorreko sabaietan, baina egun ez dut uste lekurik egokiena berau denik, herri batzuetan behintzat. Hausnarketa hau ez da inprobisazio bat, berauen inguruan urte batzuk igaro ondorengoa baizik.
Urteetan zehar dorreetan izan dute bere lekua erlojuek, baina herri batzuetan egoera tamalgarrian ikusten dira: ez dute irisgarritasun egokirik, ez lanerako ezta ikuslearentzako ere. Jarraipen egoki bat ere behar dute erloju zahar hauek, eta dorrean kokatzen direnak zailtasun handiagoak izango dituzte zaintzeko garaian.
Nire belaunaldiak, lehen esan bezala, dorreko sabietan ezagutu ditu erloju zahar hauek. Bere betebeharra orduak adieraztea zen herritarrei, baita egoki adierazi ere, landa eremuko herrietan batik bat.
Egun erloju zahar hauek ordua adierazteko bakarrik erabiltzea ez dut ikusten erabaki egokiena denik. IXXgarren gizaldiko mekanika zahar hauek altxor bereziak direlako eta denek ikusi eta ezagutzeko aukera dagoen lekuan kokatzea egokiagoa iruditzen zait, zahartu eta higadura handia badute behintzat.
Gaur egun lan berdina egiteko erloju modernoak ditugu eta jarraipen berezirik ez dute behar gainera. Kudeaketa sakristian kokatzen den kaxa elektriko batetik egiten da, beste kanpaiekin batera, eta ez dago dorrera igo beharrik; Aizarnan hala egiten dugu behintzat.
Aizarnako erloju zaharrak ere urteak daramatza geldirik dorreko sabaian; herdoilak jaten ari da, eta ezin dugu utzi altxor hau egoera horretan. Santa Engraziakoa eraberritu eta lanean ari da, Zestoakoa eraberritu eta erakustoki batean dago oraingoz. Beraz, hurrengoa Aizarnakoaren txanda izan behar du. Horrela hiru altxor eraberrituta izango ditu Zestoako herriak. Ondare polita nire ustez.
Espero dut udaletxearen laguntzarekin erloju hau eraberritu eta Aizarnako erakustoki batean kokatzea lehen baino lehen. Ea egi bihurtzen dugun proiektu erakargarri hau, Aizarnak merezi du eta.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide