Amabirjiñak Aizarnan 2018

Urtero egin ohi dut, eta  ohiturarekin jarraituz, aurtengo jaiei ere gainbegiratu bat emango diet. Beti ere nire ikuspegitik, noski,  niretzako xarma berezia duten jai hauetako giro atsegina lerro batzuetan azaltzeko asmoarekin.

Hasteko esan behar  aurten Aizarnako jaietan ikusitako giroa  gazi-gozoa izan dela; bertara hurbildu den jende kopuruari begiratuta, uda honetan egin digun eguraldia bezalakoa alegia, eguzkitsua eta  iluna nahasian.

Dena den,  jai hauetan nagusiak  haurrak izan dira, hauentzako bai ez dela izan egun ilunik, egunero gozatu dute jaiekin. Non ez dio axola, pilotalekuan, plazan edo inguruko zelaietan eta beraiekin batera gurasoek jakina.

Oilasko biltzeko eguna  jaien ondoren egin ohi da Aizarnan, baina aurten, egun honek eman die hasiera jaiei. Ohitura zaharrak ere eguneratzen ez badira zaila egiten da nonbait  jatorrizko kutsua mantentzen. Aldaketa hau ohiturarekin jarraitzeko baliagarria bada, ongi etorria izan dadila, desagertzea okerragoa izango bailitzateke. Eguna aldatzeak ez du hainbeste axola, baina txarangarekin aurreskua egiteak gehiago urardotzen duela jatorrizkoa esango nuke.

Oilasko biltzaileak kalera etorri bitartean paella lehiaketa zegoen antolatuta. Itxura  apaina zuen plazak, paella ugari eta dotoreak gainera. Oilasko biltze taldeak aurreskua amaitu bezain azkar  eseri zen jendea mahaietan eta berehala ziren garbituta kazuelak hondoraino. Aizarnan xarma berezia du egun honek eta akatsen bat edo beste eginagatik, naturaltasun osoarekin egiten denez, goraipatzea merezi duen eguna dela nabarmendu behar da.

Urtero antolatzen da jubilatuentzako hamaiketakoa ere. Emakumeek plazan egin zuten, gizonek berriz barruan. Lehen ere eguzki asko hartutakoak dira nonbait, aspaldiko esaera da eguzkiak duen ederrena itzala dela. Sasoiko jendea ikusi nuen bertan, gaur jubilatuak ere gazte ikusten direlako izango da seguruenik.

Helduen egunean ekintza berri bat ere  ikusi genuen: ijitoen etorrera herrira. Garai batean bezala sartu ziren  herrira, karroan traste zaharrak eta beti berauekin ibiltzen zituzten animaliekin.  Gaurko gazteek ez dute ezagutu egoera hau,baina Aizarnako borda askotan egiten zituzten egonaldiak. Astoei ilea mozten ibiltzen ziren baserriz-baserri eta etxerakoan oiloren bat edo beste harrapatzea ere ez zen arraroa izango.

Egun asko baino lehen egiten  zuten Guardiazibilek bisita, lekua uzteko gonbidapenarekin, bestela laster utziko zuten Aizarna oilorik gabe. Helduek  garai bateko egoera gogoratzeko eta gazteek honen berri jakiteko, ekintza baliagarria nire ustez.

Beti  bezala, pilotak ere izan zuen bere lekua. Pilotari gazteak ikusi genituen lehian eta urtero pilotari berriak ikusteko aukera izaten dugunez, aurten neskak ikusi ditugu. Nola jokatu gainera, kirol honetan egin duten gorakada harrigarria izan da.

Beti bezala herri afarira jende ugari hurbildu zen, egoera berrira egokitu eta garai bateko asto janaren jarraipena da niretzako. Gaur egun egoki prestatuta dauden ‘catering’ enpresak arduratzen dira horretaz.

Amabirjina eguneko meza nagusia eguerdiko 12:00etan  jartzen zuen egitarauak, baina 11:00etan ospatu zen eta urtero koruan ateratzen dudan argazkia ezin atera beraz. Beste ekintzekin batera erakustea egokia eta gustukoa dut, baina aurtengoa hala beharko du izan.

Arratsaldean herri kirolak plazan, harri jasotzaileak eta aizkolariak lehian herriko bi gazteren laguntzarekin. Esan behar kirol honek jende asko hurbildu izan duela beste urteetan, baina aurtengoan zerbait gutxiago hurbildu dela esango nuke.

Amabirjina bigarrena haurrentzako zegoen erreserbatuta,  egun osoan zehar ibili ziren gora eta behera gozatzen: bazkaria, jolasak, lasterketak eta abar. Hasieran esan dudan bezala haurrak izan dira nagusi  jai hauetan, beraiek gozatu dute gehien, eta zer politagoa haurrak kalean gozatzen ikustea baino?

Zorionak eman behar jai hauek antolatzeko lan egin duten guztiei, merezitakoa dute eta. Hurrengo urtean gehiago.

Ikusi behean argazkiekin osatutako bideoa, honek nahiko egoki erakusten du egun hauetako giroa eta.

Jon Egiguren