Albisteak

Amalda III kobazuloko aurtengo lanak amaitu dituzte Antxieta Arkeologia Taldeko kideek

Amalda III kobazuloan aurten egitekoak ziren lanak amaitu berri dituzte Antxieta Arkeologia Taldeko kideek. Azken hilabeteetan egindako lanari esker, Altzolarats bailaran bizi ziren neanderthalei buruz zerbait gehiago jakitea lortu dute: “Kobazulo honetan orain 50.000tik 100.000 urteko sekuentzia azaldu zaigu” azaldu dute Antxietako kideek.

Amalda III kobak ez du irisgarritasun erraza; izan ere, 30 metroko horma bat gainditu beharra dago bertara iristeko: “Ez dakigu neanderthalak nola igotzen ziren. Harrigarria iruditzen zaigu ,baina oztopo guztiak gainditzen zituzten eta bailara hain ondo kontrolatzen den leku honetan bizi izan ziren 50.000 urtean zehar”. Aurten kobako 15. azalera induskatu dute, eta duela 50.000 eta 60.000 urteko materiala aztertu dute. “Vasconiense” deituriko tresnak daude aztarnategi honetan, eta basahuntzaren, sarrioaren, oreinaren eta bobidoen aztarnak aurkitu dituzte.

Aurtengo lanak amaituta, hurrengo urtera arte estali dute aztarnategia. Plastiko beltzarekin eta geotextilarekin estali dute indusketako zonaldea. Lanak amaituta, mokadutxo eder batekin ospatu zuten egindakoa, eta orain laborategiko lanak egitea tokatzen zaiela azaldu dute. Bestalde, Joseba eta Laurari eskerrak eman nahi izan dizkie Antxietako kideek, Amaldan egindako lan guztiagatik.

Argazkiak: Antxieta Arkeologia Taldea

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide