Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

“Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa” trilogiaren aurreneko liburua aurkeztu du, gaur Donostian, Amancay Gaztañagak. Elkar argitaletxearekin aterako dituen hiru liburuetatik aurrenekoa.
2021ean argitaratu zuen Gaztañagak bere aurreneko lana, “39 lore”. Helduei zuzendua zegoen aurreneko hori eta gazteei begira idatzi du oraingo hau. Istorioa pasabide ezkutuz, aztikeriaz eta mamuz beterik dago. Institutuko zuzendariak aitona-amonen gazteluan uda pasatzera zigortu du Martin Martina, eta iritsi orduko konturatu da ezer ez dela pentsatu bezala. Gazteluaren hormek isilean gordetzen dituzte hainbat sekretu, igarkizun bat baino gehiago eta lapurreta bat; baita maitasun apur bat ere.
“Martin Martina” zestoarraren izena jarri dio idazleak protagonistari. Honela kontatu dio Gaztañagak Danbolini: “2017an sortu zen ideia, “39 lore” liburua baino lehenago. Beti neukan buruan Martin Martinaren figura hori eta liluratzen ninduen bizarra zuen, baina gona janzten zuen herritar hark. Garai hartan inork ez zuen hitz egiten hermafroditismoari buruz, ez eta inter sexualitateari buruz ere. Pertsona hartatik abiatu nintzen eta erabat fikziora eraman dut. Ez da Martin Martina zestoarra, izena bakarrik hartu diot”.
Trilogiako bigarren liburua Durangora begira argitaratuko da urte amaieran eta hirugarrena, berriz, udaberri aldera.
Irailaren 19an aurkeztuko du liburua herrian, Kultur Etxeko aretoan, arratsaldeko 19:00etan.
Hemen Elkarren egindako aurkezpena osorik ikusteko aukera.