Albisteak
Antzerki Astea hastera doa
— 2023-06-26Gaur hasiko da Zestoako Antzerki Astea. Azken egunetan prestaketa lanetan buru belarri ibili dira antzerki taldeko kideak. Amancay Gaztañaga Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako zuzendariak tartetxo bat hartu du Danbolientzat eta berekin bildu gara Caravan Parkeko aretoan.
Antzerki Astearen XI. edizioa da aurtengoa, zer eskainiko diozue ikusleari?
Eskolako ikasleek hiru obra klasiko hartu dituzte oinarri. Osorik irakurri ditugu, eta bakoitzak testuaren inguruko bere hausnarketa egin du. Testuak guztiz moldatu ditugu, eta gaurkoratu; denon arteko prozesua izan da.
Horrez gain, orain arte ekarri dugun obrarik handiena izango dugu gurean: Artedrama konpainiaren Hondamendia antzezlana. Tarzan antzerki familiarra ere izango da ikusgai. Lan honek Estatu mailako Max saria jaso du eta guretzat sekulakoa da horrelako kalitateko obra bat gurean izatea. Txikienek ere izango dute beren unea; ostegunean eskainiko dute antzezlana Kultur Etxeko areto nagusian.
Asteazkenean ariketa bat egingo dugu herritarrekin, Kultura eta herria izenburupea. Ez da hitzaldi soil bat izango. Herritarrei etortzeko gonbita egiten diegu, herritarrekin eta herritarrentzat egindako gauza berezi bat izango da. Saioak ordubeteko iraupena izango du eta galdera hauek izango ditugu oinarri: 2050. urtea da, kulturalki nola dago gure herria? Zer irudikatzen dugu utopia bat izango balitz? Ahalik eta jende desberdinena joate nahi dugu, mapa erreal bat sortu nahi dugulako.
Publiko guztientzako egitaraua izango da aurtengoa ere.
Erabat. Horretan saiatzen gara. Gehiago egingo genuke ahalko bagenu, baina honaino iristen gara.
Antolakuntza lan handia dago atzetik, nola bizi dituzue egun hauek?
Urte osoko kronograma zehaztuta daukagu. Ekainean Antzerki Astea izaten dugu. Goizean goiz etortzen gara Caravan Parkera eta lanean hasten gara. Brigadaren espazioa okupatzen ari gara, eta eskerrak eman nahi dizkiegu. Aste honetan herritarren eta etortzen diren aktoreen pendiete egongo gara.
Sarrerarik gelditzen al da?
Hondamendia eta Tarzan antzezlanetarako sarrerak gelditzen dira oraindik. Obren ostean, mokadutxoa izango dugu Laiak dendaken eskutik, herritarrek aktoreekin obra komentatzeko, kulturaren inguruan biltzeko.
Hamahiru urte daramatzazue martxan. Ze puntutan zaudete orain?
Ia 50 ikasle gara guztira, eta denak gogotsu daude. Orain beraientzat garai berezia izaten da, urduritasuna nabari da. Taldea indartsu dagoela esango nuke. Batzuetan nekea sortzen da, entsegurako ez daukagu toki egokirik eta horrek klaseak asko mugatzen ditu, baina beno, hori urterokoa da.
Espazio duin baten aldarrikapenak hor jarraitzen du.
Bai, berdinean jarraitzen dugu. Nekea atzematen da; ez dago erabaki errealik, gauzatzen den erabakirik. Egia da Zestoako Udalak diru asko jartzen duela, eta guk eskertzen dugu babes hori, baina horrez gain erabaki batzuk hartu behar direla uste dut.
Ze norabide hartuko du taldeak?
Gure bideak markatuta ditugu. Azaroan Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan egongo gara. Guk lanean jarraituko dugu, ez bakarrik klaseak ematen, baizik eta herritarrentzako zerbait sortzen, eta herritarrak formatzen. Beti esaten dugu, publikoa egoteko herrian lanketa bat egin behar dela, bestela ez da publikorik sortzen.
Bide hori egiten ari zarete azken urteotan, eta herrian erreferentzialtasuna izatea lortu duzue.
Guretzat kristona da, ia 800 pertsona mugitzen dira Antzerki Astean. Aurreneko eguneko sarrerak lau ordutan gastatu ziren, eta bigarrengoak beste lau ordutan. Jende bat gogotsu dagoela ikusteak poza ematen digu. Nire ustez, garrantzitsua da horrelako jaialdi bat izatea herrian, baina urtean zehar programazio sakon bat izatea ere nahitaezkoa da.
Irakurri egitaraua hemen.
Egin zaitez bazkide