Albisteak

Ekainaren 26tik uztailaren 1era izango da XI. Antzerki Astea

Guateke antzezlana (Argazkia: E.Iturriaga)

Ekainaren 26ik uztailaren 1era bitartean izango da Zestoako Antzerki Astearen XI. edizioa. Eromen Produkzioak eta arte eszenikoen eskolako haurren antzezlanez gain, punta-puntako bi obrek, herria eta kulturari buruzko hizketaldiak eta maskara erakustaldiak osatuko dute aurtengo egitaraua.

Hilaren 26an eta 27an etxeko Eromen Produkzioak-ek sortutako Higa edo nola egin traizio traizioari antzezlana ikusteko aukera izango da. 28an, kultura eta herriari buruzko hizketaldia eskainiko dute. Ekainaren 29an, Zestoako Arte Eszenikoen eskolako haurrek egindako maskarak ikusteko aukera izango da, eta ondoren, Ongi etorri festara! antzezlana eskainiko dute. 30ean, Artedrama Produkzioak-en Hondamendia obra plazaratuko dute, uztailaren 1ean, asteari amaiera biribila emateko, Mar-Mar Teatroa konpainiaren Tarzan ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Sarrerak bihartik aurrera, ekainak 2, egongo dira eskuragai Entradium.com webgunean eta turismo bulegoan. Horrez gain, bihar arratsaldean eta larunbat goizean (ekainak 4) sarrerak Erdikalean erosteko aukera izango da. Urtero legez, bonua eskuratzeko aukera egongo da, 20 eurotan, eta 15 urtetik beherakoek sarrerak erdi prezioan erosteko aukera izango dute. Doan diren ikuskizunetarako pertsona bakoitzak gehienez 4 gonbidapen hartu ahal izango ditu.

Hona hemen egitaraua:

Ekainak 26 eta 27. Eromen Produkzioak-en Higa edo nola egin traizio traizioari antzezlana. Arratsaldeko 20:30ean Caravan Park-en. Sarrera 8 euro.

Bada norbait areto honetan klasiko bat irakurtzen hasi eta lehenengo orritik pasa ez dena? Bada norbait hemen, klasiko bat ulertu ez, eta zertaz doan jakiteko Googleatzen ibili dena? Inoiz esan duzu: Noski! Irakurrita daukat… ze testu ederrak dituen…. eta ez zenekien zertaz ari zinen ere? Hau bada zure kasua, ongi etorri, toki egokian zaude.

Zertarako taularatu klasikoak? Arriagako programazioa betetzeaz gain, ba ote dute beste baliorik? Edo ahaztuak izanez gero, ez litzaiguke ezer pasako antzerkizaleoi. Nork ez ditu Romeo eta Julieta ezagutzen, edo… Macbeth-en emaztea zena… Lisitratari mila abesti moderno eskaini zaizkio naiz eta bere autorea, Aristofanes, ezezagunagoa izan… Guk hiru klasiko hartu eta traizionatu egin ditugu. Errespetu eta maitasun handiz traizionatu ditugu, bai. Tradizioari traizio egin diogu eta zuek gaur, gure konplize izango zarete.

Ekainak 28. Hizketaldia, Kultura eta herria. Arratsaldeko 19:00etan Caravan Park-en. Sarrera doan, gonbidapenarekin.

Kultura identitate-sortzailea da, gizarteratzea eragiten du, aniztasunaren katalizatzailea da, sare sozialak sortu, eta parte-hartzea sustatzen du, beraz, kultura funtsezkoa da komunitate baten garapenerako.

2055eko ekaina, kultura krisian dago. Hainbat hamarkadaz jasandako prekarietatearen ondorioz, munduko sortzaileek euren jarduna eten, eta kultura sustatzeari utzi diote. Hausnarketa kolektiboa: Zer egin dezakegu gure herrian kultura babesteko?

Ekainak 29. Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako haurren maskara erakustaldia eta Ongi etorri festara! antzezlana. Arratsaldeko 18:30ean Kultur Etxeko aretoan. Sarrera doan, gonbidapenarekin.

Herriko etxe batean festa bat izan da. Ez da uste bezala bukatu ordea, norbait hilda agertu da… Gai izango al zarete hiltzailea nor den asmatzeko?

Ekainak 30. Artedrama produkzioak-en Hondamendia antzezlana. Arratsaldeko 20:30ean, Caravan Park-en, sarrera 8 euro.

Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau? 2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat.

Uztailak 1- Mar-Mar Teatroa-ren Tarzan antzezlana. Arratsaldeko 19:00etan Caravan Park-en, sarrera 8 euro.

Ehiza-egun berri bat Afrikako oihanean. Oihuek eta aldarriek betetzen dute atmosfera. Bat-batean, isiltasuna. Oihana ikaratu egiten da haur baten negarraren aurrean. Tximino handiak, jakin-minez, haurrarengana hurbiltzen ari dira. Kala, bere kumea hil berria, haurra adoptatzea erabakitzen du.

25 urte geroago Londresen Lord Greystoke VII.ak, ingeles noble batek, hiriko zooko animaliak askatu berri ditu eta psikoanalista bera zela konbentzitzen saiatuko da. Tarzan, oihaneko erregea.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide