Albisteak

Kapsula Kuantikoa Zestoan da eta arratsaldean herritar guztientzat egongo da zabalik

Kapsula Kuantikoa erakusketa ibiltaria Zestoara iritsi da gaur goizean. Karabanen aparkalekuaren ondoan kokatu dute autobusa, eta goizean zehar herri eskolako ikasleak ari dira bertaratzen, fisika kuantikoaren nondik norakoak ezagutzeko. Arratsaldean, berriz, herritar guztiek izango dute erakusketa bisitatzeko aukera 16:00etatik 19:00etara. Bi azalpen saio antolatu dituzte arratsalderako: 16:30ean euskaraz eta 17:25ean gaztelaniaz.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimenaren helburua fisika kuantikoa herritarrengana modu erraz eta erakargarrian hurbiltzea da. Autobusaren barruan, ikus-entzunezko baliabideak, pantailak eta instalazio interaktiboak aurkituko dituzte bisitariek. Horien bidez, fisika kuantikoaren oinarrizko kontzeptuak ezagutu, zientzia horren bilakaera ulertu eta eguneroko bizitzan dituen aplikazioak deskubritu ahal izango dituzte.

Besteak beste, ordenagailu kuantikoen funtzionamendura hurbiltzeko eta teknologia horiek osasunean, energian nahiz komunikazioetan izan ditzaketen erabilerak ezagutzeko aukera izango da. Guztia adin eta ezagutza maila desberdinetako herritarrei egokitutako azalpenen bidez.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide