Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Hamasei urte izango zituen, hamabost igual. Oso gaztea zen Maria Blanco nik ezagutu nuenean. Elkar ezagutu genuenean. Transformatu egin gintuen esperientziak. Hasieran ez nion batere kasurik egiten. Badakit beldurra eta lilura eragiten nizkiola. Beti Maialen Kortadiren ondoan ikusten nuen, eta bazekien Maialenek eta nik rollo bat izan genuela, ezkutuka, eta horrek berotu egiten zuela uste dut. Maialen nirekin erabat obsesionatuta zegoen, eta hiruron artekoa oso deserosoa bihurtu zen. Eta oso gaizki amaitu zen.
Mundiala da Itsaso Waliñok Mariari egin dion elkarrizketa. Ia erantzun bakoitzean eman dio titular bat Blancok. “Plazandrea naiz”, adibidez. Bakarrizketak egiten hasi zenekoaz dioena ere azpimarratu dut: “Ausartu egin nintzen eta kitto”. Jendearen aurrean fokupean jartzeko derrigorrezkoa horixe baita: ausardia. Woody Allenek kontatzen du nola, hasieran, bere managerrek ipurdian ostikoka igoarazten zuten tranpaldora. Beldurraren beldurrez izoztuta geratzen omen zen, eta, lehendabiziko urteetan, sari-sarri botaka ere egiten omen zuen txiste-kontatzera agertokira igo aurretik. Uztapideri buruzko pasadizoa ere ezaguna da: Endoiakoa ja beteranoa zela, gazte batekin kantatzea egokitu omen zitzaion. Gazteak, nerbioak dantzan, galdera egin zion zaharrari:
–Urteekin pasa egingo dira nerbioak, ezta Manuel?
–Urteekin okerrera egiten dik.
Eta hain latza bada, zergatik segi? Ba saria desafioaren neurrikoa delako. “Hori da nire bizitzeko arrazoietako bat, behar dudan gasolina. Dena ematen dit, ez dakit azaltzen”. Ez omen daki esplikatzen, Mariak; baina ederki ulertu diogu.
Bakoitzak berean, lortu zezaketen dena lortu zuten Allenek eta Uztapidek. Baina, horretarako, noizbait ausartu egin ziren. Errazagoa zuketen beldurrari ez aurre egitea, baina pausoa luzatu zuten. Eta bi haiek bentaja handi bat bazuten Mariarekiko: gizon jaio izana. Mariak, beraz, ausardia eta erdi. “Zenbat gauza uzten ditugu bizitzan, egin gabe, lotsa hutsagatik?” Ausartu zaitezte zeuen buruei galdera hori egin eta zintzo erantzuten.
Zutabe honen hasieran kontatu dudan triangelua gertatu izanaren kulpa Maria Blancoren amarena da. Hori bai ez zenutela espero. Batzuetan horrela gertatzen dira gauzak, modurik xelebreenean. 2011ko udazkenean amak apuntatu zuen Maria, Amancay Gaztañagak sortu berri zuen antzerki eskolan. Han ezagutu genuen elkar. Eta han antzeztu genuen Maialen Kortadi eta hirurok –Anne Uria eta Ane Canseco ere tartean ziren– Salemgo sorginak. Orain, mugikorrari begira bizitzeak gure adierazpen eta ulermen gaitasuna itxuragabe eskasten ari du. Horregatik argiago esango dut, badaezpada: lehenengoko paragrafoko amodio kontu horiek denak fikziozkoak dira; antzezlan batean jokatu genituen pertsonaienak, ez geureak.
Jon Artano