Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Goizean goizetik hasi ziren atzo Arroa Beheko VI. Artisau eta Baserritarren Azoka prestatzen. Haize zakarrak muntaketa lanak zaildu zituen, baina denen artean postuak atondu eta azokari ekitea lortu zuten. Lehen orduetan euririk egin ez bazuen ere, haizea baretu zenean euria hasi zuen. Eguraldia gorabehera, Zestoatik, Zumaiatik eta inguruko herrietatik jende ugari gerturatu zen, eta giro ederra izan zen auzoan.
Azokako guneetan askotariko eskaintza aurkitu zuten bisitariek: baserritarren eta ekoizleen produktuak, inguruko jan-edanak erosi eta bertan dastatzeko aukera —tartean txakolina— eta artisauen lanak. Auzoko eskulan taldeko kideek ere beren sorkuntzak jarri zituzten salgai.
Aurtengo berezitasunetako bat San Isidro kalean jarritako baserriko tresna zaharren erakusketa izan zen. Egun erabiltzeari utzi zaien edo pixkanaka galtzen ari diren tresnak ezagutarazi eta balioan jartzeko, Asteasuko lagun talde batek bildutako piezak ekarri zituen azokara. Hamabi bat lagun etorri ziren, eta goiza eman zuten gerturatzen zirenei tresnen erabilera eta funtzionamendua azaltzen.
Bildumako piezez gain, beraiek miniaturan egindako hainbat tresna ere erakutsi zituzten. Bisitarien arreta erakarri zuen, besteak beste, benetako suarekin funtzionatzen zuen sukalde ekonomiko txikiak: desmuntatu egiten zuten, barrutik nola zebilen ulertzen laguntzeko. Bertaratutakoek lanabesak probatu ahal izan zituzten, artoa txikitzekoak kasu. Erakusketak harrera oso ona izan zuen; euriak lasaitasunez gozatzea zaildu bazuen ere, gustura geratu ziren bisitariak.
Elkartasunak ere izan zuen tokia azokan. Eskolak eta Txepetxa aisialdi taldeak antolatutako postuan, haurren familiek eramandako kalabazak, bizkotxoak eta patata tortillak saldu zituzten, Aspanogi elkartearentzat dirua biltzeko.
Gaztaren pisua asmatzeko apustuak ere giroa animatu zuen. Eider Badioalak irabazi zuen gazta: 1.195 gramoko apustua egin zuen, benetako pisutik —1.198 gramo— hiru gramo eskasera geratuta. Haren amaginarrebak jaso zuen saria.
Ezkaizto auzo elkarteak antolatzen du urtero azoka, Txara Kooperatibaren laguntzarekin. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete postuak jarri zituzten artisau, baserritar eta ekoizle guztiei, baita azoka muntatzen eta desmuntatzen lagundu zuten herritarrei ere. Esker ona adierazi diete, halaber, eguraldiari aurre eginez auzora gerturatu, postuetan erosi eta azokan parte hartu zuten bisitari guztiei.











































































































