Albisteak

Rubio-Iraolagoitiaren omenezko BTT irteerarekin amaitu dute Mendi Astea

Haize handia izan arren, bizikleta irteera egin zuten atzo Agiroren Mendi Asteari amaiera emateko. Klubak laster zabalduko du berriro federatzeko aukera, eta herritarrak gonbidatu ditu datorren urteko egutegia osatzen parte hartzera.

Rubio-Iraolagoitiaren omenezko BTT irteerarekin agurtu zuten atzo Agiro mendi klubaren aurtengo Mendi Astea. Haizeari aurre eginez, Zestoatik abiatu eta Akoa, Ipintza, Etumeta, Sañu, Lasao, Ondarbaso eta Etorra zeharkatu zituzten, herrira itzuli aurretik.

Astean zehar, mendiko bizipenak partekatzeko eta naturaz gozatzeko hainbat hitzordu izan dituzte: Denali-McKinleyri buruzko emanaldia, Julen Telleriaren eta Liam Zunzunegiren Hiru Mila Iboien ibilbideari buruzko kontakizuna eta larunbateko Albistur inguruko txangoa. Azken horretan, 19 lagunek Mendikuteko gailurra, gazteluaren aztarnak eta kobazuloa bisitatu zituzten.

Mendi Astea amaituta ere, aurrera begira jarraitzen du Agirok. Laster federatzeko aukera berriro zabalduko dutela gogorarazi dute, eta datorren urteko egutegia osatzen ere hasiko dira. Horretarako, herritarren parte hartzea eskatu dute: mendizaletasuna duten guztiak animatu dituzte Agiroren parte izatera eta hurrengo urteko proposamenak prestatzen laguntzera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide