Albisteak

Aretoa bete zen Ecos de la tierra eta María Victoria Chávezen solasaldian

Atzo arratsaldean, Zestoako Mugimendu Feministak antolatuta eta Martxoaren 8aren bueltako egitarauaren barruan, Ecos de la tierra dokumentalaren emanaldia egin zen Alonderon. Proiekzioaren ondoren, solasaldia izan zen María Victoria Chávez aktibistarekin.

Dokumentalak Hego Globaleko lurraldeetan gertatzen ari den errealitatea jartzen du mahai gainean: meatze enpresak mendiak hustuz, presa handiak ibaiak itoz, eta egur enpresa transnazionalak basoak suntsituz. Ekoizten dena, ordea, mugetatik kanpora doa. Ipar Globalak argia, ura edo gasa bermatuta dituen bitartean, zer gertatzen da beste aldean?

Ecos de la tierra lanean, hainbat emakume defendatzailek parte hartzen dute, lurra eta bizitza babesteko borrokan elkartuta. Estraktibismoak komunitateetan –eta bereziki emakumeengan– duen eragin zuzena azaleratzen du filmak: ura kutsatzen denean, lurra hondatzen denean edo arnasten den airea toxikoa denean, bizitza bera jartzen da kolokan.

Solasaldian, María Victoria Chávezek bere esperientzia pertsonala eta kolektiboa partekatu zituen. Urte luzez erbestean bizi izan da; El Salvadorren meatzaritzaren aurkako borrokaren aurpegi ezagunetako bat da, eta gaur egun Amillubin bizi da. Entzuleen galderei erantzunez, garapen eredua bera zalantzan jarri zuen: «El amor a la vida es lo que va a traer la transformación», adierazi zuen.

Beste hainbat ideia ere zabaldu zituen hausnarketarako: «Ez lo hartu; orain ondo zaudete, baina etorkizunean hemen ere gerta liteke», ohartarazi zuen, kapitalismo neoliberalaren hazkundea azpimarratuz. «Gure herrialdeetan emakumeak askotan ezereztzat sentiarazten gaituzte, ekonomikoki eta emozionalki menpeko. Baina gu gara gero komuna dena defendatzen dugunak».

Halaber, herritarren aktibazioaren garrantzia nabarmendu zuen: alderdi politikoek ez dutela ezer egingo herriak exijitzen ez badu. «Defendatzaileok maileguan bizi gara», adierazi zuen; hau da, bizitza bera arriskuan, mehatxupean eta babesik gabe bizi behar izaten dutela askotan. Borroka egiteak ondorio gogorrak ditu: jazarpena, indarkeria eta erbestea.

Alonderora bertaratutakoek galdera ugari egin zituzten, eta solasaldiak entzuleak hausnarketara gonbidatu zituen: zenbateko urrun gaude hemen bizi dugun errealitatetik? Zein da gure kontsumo eta garapen ereduaren atzean ezkutatzen den kostua? Zer da benetan garapena?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide