Urtarrila 2026
— 2026-02-10Irakurri 278. zenbakia hemen.

Zestoan ohi bezala, txarangak lagunduta egin zuen sarrera aurkezleak, herrian hain ohikoa den giro alaia oholtzara ekarriz. Hasieratik bertatik lortu zuen publikoarekin lotura estua, eta Zestoari keinu eginez, herritik bertatik atera zitezkeen txiste eta pasadizoak plazaratu zituen.
Lehen gonbidatua Naroa Agirre izan zen. Blancok ezaguna zuen pilotari gaztea; alderantziz, ordea, Agirrek ez zuen gogoan Maria bera entrenatzaile izan zuela. Une barregarriak sortu ziren oroitzapen horren bueltan, eta elkarrizketak tonu arin eta umoretsua hartu zuen.
Bigarren gonbidatua Mikel Irure izan zen. Mariak hasieran aitortu zuen elkarrizketak egitean isilik egotea kosta egiten zaiola, baina oraingoan lan erraza izan zuen. Irurek mikrofonoa hartu bezain pronto eroso jardun zuen, eta bere bizipenak eta kiroldegian urteotan bizitako pasadizoak partekatu zituen, naturaltasunez eta umorez.
Horrela, umorea, kirola eta herri giroa uztartuz, Punpairez saioak abiapuntu ezin hobea eman dio aurtengo Zestoako Udaberri Kulturalari. Aurrerantzean ere hainbat kultur hitzordu izango dira herrian, baina lehen gau honek argi utzi du gogoz eta parte-hartzez ekin diola Zestoak udaberriari.

