Albisteak

[ARGAZKIAK] 1967ko Txapelketa Nagusiko gaietatik tiraka osatutako bertso saioa izan zen atzo kiroldegian

Azaroan sinatu zen Zestoa eta Urepele herrien arteko senidetzea dela eta hainbat ekintza antolatu ditu Udalak, horien artean, atzoko kiroldegiko “Gai ziren eta gai gara” bertso saioa. Amaia Agirre eta Xalbat Alzugarai gai-jartzaileek Xalbador urepeldarrak eta Uztapide zestoarrak 1967an jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko gaien nolabaiteko aukeraketa egin eta gaur egunera ekarri zituzten. Azken orduko arazo bat tarteko, Aroa Arrizubietak ezin etorria jakinarazi zuen, baina gainontzeko bost bertsolariek, Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Nerea Ibarzabalek saio polita eskaini zuten. Amaieran, Uztapide plazako monolitoan taldeko argazkia atera zuten bertsolari, gai-jartzaile eta Zestoako alkate, Mikel Arregik eta Urepeleko Xole Aire auzapezak.

Hurrengo ekintzen egitaraua:

Ekainak 15, Urepele eguna

08:00 Zestoa XXII. Ibilaldi Neurtua, 15km plazatik abiatuta. (Aurrez izena eman behar da)
10:00 Txistularien diana.
11:00 Urepeldarren etorrera.
11:00 – 13:00 Urepeleko eta Zestoako ekoizle eta artisauen azoka.
12:00 Kika Txaranga kaleetan zehar.
14:30 Herri bazkaria plazan, bertsolariekin. (Bazkariko txartelak Portalen salgai, 15 euro). Bazkal ondoren: Kantaldia plazan.
18:00 Urepeldarren itzulera.

Ekainak 19, asteazkena
19:00 “Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi” liburuaren aurkezpena

Ekainak 29, asteazkena
07:30 Labaien Belate Ibilaldia (Zestoatik Urepelerako etapa)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide