Albisteak

[ARGAZKIAK] Amaitu dute Amalda III kobako zazpigarren indusketa aldia

“Zestoako Altzolarats bailarako Neandertalei buruz gehiago jakiteko asmoz”, urriaren 6tik 12ra bitartean Antxieta arkeologia taldeko kideak Amalda III koban lanean aritu dira. Aurten ere, Joseba Rios eta Laura Sanchez arkeologoek zuzendu dituzte indusketa lanak, eta taldekoek adierazi dutenez, “lan zehatza ta ikerketa bikaina” egiten ari dira.

Kobara iristeko, 30 metroko kareharrizko horma bertikal bat igo behar da. Gaur egun, aluminiozko eskailera sendoak jarrita daude, baina hala ere, kontu handiz ibili beharra dagoela azpimarratu dute: “Ez dakigu Neandertalak nola moldatzen ziren”, esan dute.

Jardunaldietan aldaketak nabari

2025eko jardunaldi hauetan helburua 4. nibel estratigrafiko aberatsa amaitzea eta 5. nibelera iristea zen, material arkeologiko dentsitate gutxiago agertzen den maila horretara, hain zuzen. Larunbatean lortu zuten helburua, eta adierazi dutenez, “laugarren nibelaren bukaera honetan, poliki-poliki eta kontu handiarekin iritsi gara 5. nibelaren hasiera ukitzera. OSL datazioengatik 50.000 urte eta 80.000 urte bitartean gabiltzala dakigu”.

Aurreko urteetako indusketetan jada antzeman zuten Amalda III koban “tekno-kultura nahiko berezia” azaltzen ari zela, “Vasconiense” izenekoa. Tekno-kultura hau Georges Laplace arkeologo frantziarrak deskribatu zuen lehen aldiz 1958an.

Rios eta Sanchez arkeologoen arabera, aurreko urteetan teknologia hori nabarmen zen Amalda III-ko lehen maila arkeologikoetan, baina aurtengo kanpainan “4. nibel arkeologikoaren bukaeran tekno-kultura hau aldatzen joan da eta trantsizioa beste tipologia mota batzuetara nabaritzen da”.

Bestalde, nibel estratigrafikoaren aldaketa “nabarmena” dela adierazi dute Antxietakoek: “Lurraren kolorea ta testura aldatzen dira, ilunagoa eta bigunagoa da, eta bestetik, konkrezio estalagmitikoaren zatiak nabarmen gutxitzen dira”.

Aldaketa hori material litikoen tipologian ere islatzen da: lantze-teknikak eta tresnen erabilerak ere bestelakoak dira. Orain arte egindako azterketen arabera, “ematen du koba honetara lan zehatz batzuk egitera etortzen zirela, adibidez, egurra bezalako materialak lantzera. Orain, berriz, egiten dituzten tresnek ehizarako behar dituzten tresnetara gehiago egiten dute apustu” azaldu dute.

Tresna horien ekoizpenerako erabiltzen diren materialen jatorria ere aldatu dela ikusi dute, “inguruko errekak, ibaiak edo itsasoak garraiatzen dituzten arrokak erabiltzen dituzte gehien bat: Bulkanitak, Lutitak, Ofitak, edo beste arroka bolkaniko batzuk. Gutxiagotan Suharriak, Kuartzitak, Are-harriak edo beste arroka sedimentario batzuk”.

Laugarren mailaren bukaerara hurbildu ahala, Suharriaren portzentajeak gorakada handia izan du Altzolaratseko koban. Gainera, aurkitu diren batzuk urruneko jatorrikoak dira: adibidez, “Chalosse” harria, Frantziako ekialdean, 150 bat kilometrora dagoena.

Antxieta arkeologia taldekoak eskertuta agertu dira Joseba Rios eta Laura Sanchez arkeologoekin, “pazientzia handiarekin eman dizkiguten azalpen guztiengatik, lagunarte mundialean gozatu dugun elkarlaneko aste honetan”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide