Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Aizarnako pilotalekuan jarritako eguzki-plaken instalazioa martxan da dagoeneko, eta sortzen duen energia herrian bertan erabiltzen hasi dira. Testuinguru horretan, atzo eguerdian, eguzkia lagun —eguna oso eguzkitsua izan baitzen—, Argiola Zestoako energia komunitateak ospakizun-ekitaldia egin zuen Aizarnan, plakak bete-betean energia sortzen ari ziren bitartean.
Kooperatibako 30 bat bazkide bildu ziren hitzorduan, egindako lanaren emaitza ikusi eta aurrerantzean etorriko diren urratsak partekatzeko asmoz. Iñaki Odriozola eta Aiala Etxabe kideek proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta horrez gain, Arroabeko proiektua ere laster martxan izango dela aurreikusten dutela adierazi zuten. Halaber, jakinarazi zuten herrigunean eta Iraetan izena emateko epea oraindik zabalik dagoela, interesa duten guztientzat.
Ondoren, pilotalekuko instalazio fotovoltaikoa bisitatu zuten, eguzki-plakek une horretan bertan sortzen zuten energiaz jabetzeko aukera izanik. Ekitaldia talde-argazki batekin eta plazan egindako mokadutxo batekin amaitu zuten.










