Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Eguraldi paregabeak lagunduta, Arroabeko plazak eta kaleek bisitari ugari jaso zituzten atzo goizean. Bertako zein inguruko herrietako lagunak hurbildu ziren azokara, artisauak lanean bertatik bertara ikusi eta postuetan eskainitako produktu anitzak erosteko aukera baliatuz.
Jada bosgarren urtez antolatu da Arroabeko Artisauen eta Baserritarren Azoka, eta ekimenak sendotzen jarraitzen duela erakutsi zuen atzoko edizioak. Ohiko produktuez gain, berrikuntzak ere izan ziren. Horien artean, Jakoba Errekondoren hitzaldia nabarmendu zen: 2026ko egutegia aurkeztu zuen Elkargunean, eta bertaratutakoen galderak erantzuteko tartea ere hartu zuen. Antolatzaileek hitzaldia oso positibotzat jo zuten, jendeak erantzun bikaina eman ziolako.
Aldiz, Hartile tailerrean parte-hartzea txikiagoa izan zen, eta antolatzaileek pena adierazi zuten jende gutxiago hurbildu zelako. Hala ere, parte hartu zutenek esperientzia oso atsegina izan zutela azaldu zuten. Bestalde, bisitariek zein postua jarri zutenek oso gustura egon zirela adierazi zioten antolakuntzari, giro goxoa eta atsegina nabarmenduz.
Antolatzaileek aldez aurretik azpimarratu zuten ekoizleen eta artisauen lanari ikusgarritasuna ematea zutela helburu, eta asko izan ziren bertan produktu eta piezak lantzen aritu zirenak: zapataria, otargileak, bitxigileak… Besteak beste, eskaintza zabala egon zen, eta hainbat kasutan produktua bertan dastatzeko aukera ere bazegoen.









































