Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Igandera bitartean ospatzen ari da Agiro Mendi Kluba aurtengo Mendi Astea. Atzo, hain zuzen, eman zitzaion hasiera Armenia eskiekin hitzaldiarekin. 20 lagun inguru bildu ziren Alonderon, Jon eta Roman anaiek, beste bi lagunekin batera, Armeniara egindako bidaian izandako esperientziak eta bizipenak entzuteko. Bidaian jasotako argazki nahiz bideoekin osatu zuten solasaldia.
Asteburuan beste bi ekintza egingo dituzte. Bihar, larunbatez, Jesus Mari Ibarguren Rubio-ren eta Juan Karlos Iraolagoitiaren omenez, BTT zeharkaldia egingo dute bizikletaz. Gurutzetik abiatuko dira 09:00etan, eta lehenik, Azkoitiara joango dira bidegorritik. Handik, Otarrera igoko dira eta Lastur, Endoia, antenak eta Iraeta zeharkatuko dituzte, atzera ere herrigunean amaitzeko.
Igandean izango da Mendi Asteko azken saioa, eta umeen ibilaldi neurtua egingo dute. 9:30etan kiroldegiko aterpetik irtenda, Ertxiñari itzulia emango diote, 7,4 kilometroko ibilbidea osatuz. Ibilbidean, Akoa, Kalbario eta Katre zeharkatuko dituzte, Ertxiñako leporaino iritsi arte; handik, berriz, Akoatik pasata amaituko dute ibilaldia Zestoan.
