Albisteak

[ARGAZKIAK] Euripean baina giro ezin hobean, Ekain Guraso Elkarteak eman zien hasiera inauteriei

Atzo arratsaldeko 18:00ak aldera, Ekain Guraso Elkarteko festak eman zion hasiera aurtengo inauteriei. Udaletxe azpian elkartu ziren herriko haurrak eta familiak, eta euria barra-barra ari bazuen ere, kolorez eta alaitasunez bete zen arkupea.

Gaztelekuan egindako maskaren erakusketak hartu zituen paretak; haurrek aurrez prestatutako lanak izan ziren apaingarri nagusia. Ondoren, guztiak tabladu gainera igo zituzten, eta bertan egin zen irabazleen aukeraketa.

Musika jartzeaz bi pirata arduratu ziren, eta pirata on batek dakien bezala, festaz gozatzen irakatsi zieten umeei. Dantza, algara eta giro aparta nagusitu ziren arratsalde osoan zehar.

Gainera, bertaratu ziren guztientzat palomitak eta freskagarriak banatu zituzten Guraso Elkarteko lagunek, eta horrek indarra eman zien gaztetxoei jaiari azken txanpa alai batekin heltzeko.

Horrela, giro ezin hobean abiatu dira aurtengo inauteriak, eta gaur eguraldiak laguntzen ez duen arren, festak aurrera egingo du egitarau honen arabera:

17:30ean umeen desfileko izen-ematea
18:00etan Umeen desfilea udaletxe azpian
19:00etan eta 22:30ean DJ BUll




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide