Albisteak
[ARGAZKIAK] Emozioz betetako aitortza egin zaio Iñaki Azkuneri gaur eguerdian
— 2024-03-16“Zestoako Harria” Tomas Ugartemendia eskultoreak egindako goraipamen saria aitortu zaio gaur eguerdian udaletxeko pleno aretoan Iñaki Azkuneri.
Areto betean Idiakaitz Txistulari taldeak eman dio ekitaldiari sarrera. Ondoren, Mikel Arregi, alkateak, ekitaldiaren inguruko azalpenak eman ditu. Aho batez abenduaren 28ko plenoan erabaki zen Azkunei aitortza hau egitea. Azkunerekin bere etxe inguruan izandako pasartea kontatu du, zeinetan Arregi konturatu omen zen Azkunek berak gehiago zekiela baserriaren izenaz bertako semeak baino.
Fernando Txueka Azkuneren lagun paper eta historia zaleak hartu du jarraian hitza. Irakurketaren amaieran, ia bukatu ezinik geratu da hunkituta hitzak esan ezinik bezala eta gauza bera gertatu zaio Xabier Unanueri ere. Beraien proposamena noiz, nortzuk eta nola egin zuten azaldu du, Azkuneren bertsozaletasunaz ere aritu da eta honi ere emozioa gailendu zaio hitzartzearen amaieran. Biei ere argi ikusten zitzaien Azkune eta bere lanarekiko duten miresmena.
Azkenik, Onintza Irureta, Azkuneren ilobak hartu du hitza, eta Azkunek berak etortzerik izan ez badu ere, eskerrak eman ditu haren izenean, eta familia osoaren izenean. Tartean Garikoitz Mendizabalek txistua jo du eta Jexux Iribar Olaldek hiru bertso eskaini dizkio Azkuneri.
Azkuneren bi arrebek jaso dituzte, aurreskuaren ondoren, “Zestoako Harria” eta aitortzaren pergaminoa, zirraraz beteta hauek ere.
Egin zaitez bazkide