Albisteak

[ARGAZKIAK] “Euskal pilota garai berrietara egokitzen” mahai-inguru interesgarria izan zen asteazkenean

Pasa den asteazkenean “Euskal pilota garai berrietara egokitzen” mahai ingurua izan zen, kultur etxean. Iera Agirre, Jon Alberdi eta Oinatz Bengoetxea pilotariak aritu ziren Kepa Iribarren esanetara.
Iera Agirre, Ados emakume pilotarien elkarteko kidea da, eta genero ikuspegia aintzat hartuta eman zituen bere erantzunak “kontziente gara berdintasunaren aitzaki horretan eramaten gaituztela batzuetan hainbat herritara, baina gure lana da eramaten gaituztenean, maila txukuna erakutsi eta ikustaraztea guk ere jokatzen dugula eta partida oso politak ateratzen direla” eta gaineratu zuen, oso kritiko direla telebistaren jarrerarekin: “ikusita pilotarien lana eta udalek ere demanda badutela, pixka bat gehiago emango balute, guretzat bultzada izango litzateke. Telebistak leku batzuetan dirua jarri egiten du eta guri, berriz, eskatu egiten digu”.

Besteak beste, kirolaren bilakaeraz ere aritu ziren, garai batekoa baino joko azkarragoa da gaur egunekoa eta xarma galdu ez ote duen aipatu zen mahai inguruan. Gaur eguneko gizarteak eskatzen duen erritmoa ote den, baina aldi berean garai bateko tanto luze eta landu haiek ez direla gaur egun horrenbeste ikusten ere ondorioztatu zen. Profesionalen eta bigarren mailakoen arteko koskaz ere aritu ziren. Jon Alberdiren esanetan oso denbora gutxi egoten da debutatu, egokitu eta zer egiteko gai zaren erakusteko. Enpresez ere aritu ziren, Oinatz Bengoetxearen ustez enpresariek dena ongi neurtuta dute eta komeni zaienaren arabera hartzen dituzte erabakiak.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide