Albisteak

[ARGAZKIAK] Euskara lau haizetara zabaldu dute haurrek Korrika Txikian

Atzo igaro zen 24. Korrika Arroabetik, eta bi egun barru iritsiko da herrigunera ere euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Ohi bezala, giroa berotzeko, Korrika Txikia egin dute herri ikastetxeko ikasleek bazkalostean.

Ikasleek eskolan egindako pankartak, petoak, kartelak eta bestelakoak soinean jantzita egin dute Korrika Txikia. Arteaga auzotik hasi dute ibilbidea, eta eskolako zaharrenak izan dira lekukoa hartzen lehenak. Kalez kale, ikasle gazteagoak lasterketara batzen joan dira, lekukoa elkarri pasatuz.

HHko haurrak izan dira lekukoa hartzen azkenak, eta guztiak batera Erdikalean barrena plazarainoko bidea egin dute, han amaitzeko. Behin plazan, udaletxeko balkoira igo dira bi ikasle, eta mikrofonoa hartuta, lekukoan zeramaten euskararen aldeko mezua lau haizetara zabaldu dute.

Ondoren, dantzan aritu dira, 24. Korrikaren abestiarekin prestatu duten koreografiarekin, plaza giro ederrean murgilduz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide